Maiatza 2021
Azaro Fundazioa berrikuntzekin dator! 2021 urte hasieran webgune berria jarri dugu martxan, nortzuk garen eta zer egiten dugun hobeto ezagutu dezazuen. Gure zerbitzuak zeintzuk diren eta lantzen ditugun proiektuen inguruko informazioa aurkitu dezakezue bertan, eta baita, kokatzen garen Lea-Artibai eskualdea hobeto ezagutzeko atal bat, eskualdearen enpresa ehuna eta balio-kate nagusiak aipatzen dituguna.
Azaro Fundazioan ematen ditugun zerbitzuak modu argi eta bisual baten adierazi nahi izan ditugu atari berrian. Horrela, enpresa berrien sorreran, propio garatu dugun “Ekintzailetza Aurreratua” metodologia eta Lea Artibai Berrikuntza Guneko Haztegia aurkezten dizkizuegu. Behatokian, negozio eta aukera berrien identifikazioan burutzen dugun lanari esker eskualderako lehiakorrak diren eta hazkundean dauden sektoreak aipatzen ditugu. Eta enpresei eskaintzen dizkiegun zerbitzuak ere jaso ditugu webgune berrian.
Enpresetan Berrikuntza Prozesuak ezartzeko zerbitzua ematen dugu eta horretarako metodologia propioa garatu dugu: IT AZARO. Zaintza, Inteligentzia eta Azelerazioan oinarritzen den prozesu baten bitartez, erakundeetan proiektuak sortu eta garatzeko dinamikak ezartzeko zerbitzu integrala eskaintzen dugu: Kalitatezko informazioaren bilketa eta kudeaketatik abiatuz, inteligentziaren bidez proiektuak sortu eta proiektu horien garapena azeleratzea helburu duen dinamika parte hartzailearen ezarpena.
www.leaartibai.enpresak.eus – Eskualdeko enpresentzako zerbitzu berria
Networking plataforma baten bitartez, Lea-Artibai eta Gernikaldeko enpresek beraien jarduerak ezagutzera emateko informazio-fitxa propioak dituzte atari honetan. Baina horrez gain, B2B edo Business to Business negozio ereduan oinarritutako atal bat ere badaukate. Eta zer da B2B? Enpresa batek beste bateri ematen dion zerbitzuetan oinarritzen da, hau da, eskualdeko enpresa batek beharrizan bat badauka, plataforma honen bitartez beharrizan horri erantzuna eman diezaioketen eskualdeko enpresa ezberdinak proposatzen dira.
Bukatzeko, dirulaguntzen kudeaketara bideratutako BZKORTU zerbitzuari buruzko informazioa ere jaso dugu webgunean. Hainbat urte daramatzagu enpresei zerbitzu hau eskaintzen, baina Covid-19aren eraginez enpresen beharrak areagotu egin dira eta laguntzen bilaketa eta programa ezberdinak identifikatzeko zerbitzu eraginkorrago bat eman nahi izan dugu. Enpresen beharrak proiektu bihurtu eta finantzaketa aukerak bilatzeko zerbitzu honetan, ondorengo prozesuan oinarritzen da:
– Informazio eguneratua: Erakunde publikoetako dirulaguntza eta programen informazio EGUNERATUA emango dizugu.
– Proiektuen ideazioa: Zure enpresaren beharrak eta interesak proiektu bilakatzen lagunduko dizugu.
– Laguntzen identifikazioa: Zure proiektua garatzeko dirulaguntza edo programa egokienaren aukeraketa egingo dugu.
– Instituzioekin harremana: Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzako ekonomia garapenerako sailekin harreman zuzena dugu.
– Eskaera eta kudeaketa: Dirulaguntza programaren eskaria, kudeaketa eta justifikazioa egiteko zerbitzua ere eskaintzen dizugu.
Dirulaguntzekin lotuta, instituzio zein erakunde ezberdinek argitaratzen dituzten dirulaguntzen zerrenda bat sortu dugu, momentu oro eguneratuta egongo dena. Bilaketa errazteko asmoz, filtro ezberdinak garatu ditugu, erabiltzaileak dirulaguntza mota, sektore ekonomikoa, enpresaren tamaina edota dirulaguntza argitaratu duen erakundearen araberako bilaketa egiteko aukera izan dezan.
Animatu zaitezte gure webgunetik pasatzera!