Uztaila 2021
Garapen ekonomikoaren gobernantza ereduan aldaketa sakonak datoz hurrengo hilabeteetan Lea-Artibai eskualdean. Erakunde publiko eta pribatuak arlo hori sustatzeko elkarlanean arituko dira Azaro Fundazioarekin batera.
Hiru dira Lea-Artibai eskualdearen garapen ekonomikoaren esparruan lanean dabiltzan erakundeak: Landa Garapen Elkartea, lehen sektorean; Leartibai Garapen Agentzia, merkataritza eta turismo sektorean; eta Azaro Fundazioa, bigarren sektorean. Hiru erakundeek eskualdeko enpresa-ehun osoaren lehiakortasunaren aldeko estrategia, proiektu eta ekintzak bideratzen dituzte, eskualdeko udal, erakunde pribatu eta Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzaren babesarekin.
Indarrak batu nahian, eta sinergiak aprobetxatzeko helburuarekin, gaur egun hiru erakunderen bidez ematen den zerbitzua erakunde bakarrean barneratzeko prozesuari ekin zaio. Erakunde hori Azaro Fundazioa izango da, eta bere helburua eskualdeko sektore guztien lehiakortasunaren alde lan egitea izango da. Bere patronatuan ordezkaritza izango dute: eskualdeko 12 udalek, Lea Artibai Ikastetxeak, Leartiker zentro teknologikoak, eskualdeko Kooperatiben Mahaiak, Bizkaia Sortaldeko Industrialdea S.A., Landa Garapen Elkarteak eta Azaro Fundazioko langileek.
Aipagarria da patronatua osotuko duten erakunde guztiek, eta bereziki eskualdeko 12 udalek, eskualde mailako garapen ekonomikorako estrategia bateratua bultzatzeko egindako apustua. Lankidetza da enpresa ehunaren lehiakortasuna eta tokiko garapena bultzatzeko bidea, eta gobernantza eredu berri honek oinarri sendoak ezarriko ditu horretarako.
Eredu berria 2022ko urtarriletik aurrera martxan izatea espero da, eta epe hori buruan izanik bertan parte hartuko duten erakunde guztiak pausuak ematen ari dira, bakoitzak bere bilkura eta kontseiluetan eredu berri hau egikaritzeko lana eginez.