Iraila 2021
- Proiektuaren helburu nagusia osasun-arretaren balio-katearen lehiakortasuna hobetzea da, horretarako ekonomia zirkularraren printzipioak ezarriz.
- Azaro Fundazioak gidatuko du proiektua, Akitania-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeko beste 4 bazkiderekin eta 2 laguntzailerekin batera: BioCruces, NAVARRABIOMED, AIN eta ESTIA, eta baita, Ezkerraldea Enkarterri Gurutzeta ESIa eta Nafarroako Ospitalgunea.
- HEALCIER proiektuak osasun-zentroetan baliabideen erabilera eraginkorragoa eta efikazagoa bultzatu nahi du, ingurumen-eragin txikiagoa izango duen osasun-sektore berritzaile eta lehiakorragoa sustatzeko.
Azaro Fundazioak ekonomia zirkularraren printzipioak ezarriz osasun-arretaren balio-katearen lehiakortasuna hobetzea helburu duen HEALCIER* proiektu europar berria zuzenduko du beste 4 bazkiderekin batera: BIOCRUCES BIZKAIA Osasun Ikerketako Institutua, NAVARRABIOMED, AIN (Nafarroako Industriaren Elkartea) eta ESTIA (Ecole Supérieure des Technologies Industrielles Avancées). Bazkideek gainera, Ezkerraldea Enkarterri Gurutzeta ESIaren eta Nafarroako Ospitalgunearen lankidetza estua ere izango dute.
HEALCIER mugaz gaindiko lankidetzarako proiektu europarra da, Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) % 65ean finantzatuta dago INTERREG POCTEFA programaren bidez, eta urtebeteko iraupena izango du.
OSASUN-SEKTOREA ETA BALIABIDEEN KONTSUMOA
Mugaz gaindiko eremuan zahartzeak presio handia eragin du osasun-sisteman, zerbitzuaren eskaria handituz, bai kantitateari dagokionez, bai kalitateari dagokionez. Eskariak gora egiteak, halaber, presioa eragiten dio sektoreari, ondorioz baliabideen erabilera ere areagotuz.
Horrenbestez, osasun-sektorea da baliabideen kontsumo handieneko sektoreetako bat (ura, energia, elikadura, lehengaiak, produktu bukatuak, etab.), eta eragin handia du ingurumen-jasangarritasunean. Gainera, hondakin-bolumen handia sortzen du erabilera bakarreko produktuen erabilera orokortuak: eskularruak, xiringak, hondakin erradioaktiboak, erabili gabeko farmakoak, beharrezkoak ez diren probak edo tratamenduak, gailuen mantentze-lanak, etab.
Ospitale handi bat zenbakitan
Ideia bat egiteko, ospitale handi batek urtean kontsumitzen duen energia termikoaren, elektrikoaren eta gasaren batez bestekoa 50 milioi kWh-tik gorakoa da. Sortzen dituen hondakinen kopuruak erraz gainditzen ditu 2.000 tonako muga, eta horietatik hiru laurden hondakin ez-arriskutsuei dagozkie (hiri-hondakinak, papera eta kartoia, plastikoa, tonerrak, elikagai-olioak, obra-hondakinak), eta laurden bat hondakin arriskutsuei (II. motako sanitarioak, zitostatikoak, laborategiko likidoak, bateriak eta pilak, erradiografiak, produktu arriskutsuen ontziak).
3 milioi xiringa, 14 milioi eskularru, 2.000 tona arroparen garbiketa eta 175.000 m3 ur erabiltzen dira urtean 3 milioi paziente artatzen dituen ospitale handi batean. Osasunaren alorrak baliabide asko kontsumitzen ditu, eta, horregatik, baliabide horiek modu eraginkorragoan erabiltzearekin eta aprobetxatzearekin lotutako jarduera ekonomikoak garatzeko aukera asko eman ditzakeen sektorea da.
HEALCIER, EKONOMIA ZIRKULARREAN OINARRITUTAKO PROIEKTUA
Ekonomia Zirkularra (EZ) tresna egokitzat jo du Europako Batzordeak, baliabideen erabilera eraginkorragoa sustatzeko, lehiakortasun handiagoa sustatzen den bitartean; izan ere, jarduera ekonomiko berritzaile eta iraunkorragoak garatzen laguntzen du, eskura dauden tokiko baliabideak aprobetxatuz.
Horregatik, HEALCIERek osasun-sektorearen lehiakortasuna hobetzen lagundu nahi du, ekonomia zirkularra aplikatuz. Osasun-zentroetan baliabideak modu eraginkorragoan eta efikazagoan erabiltzea bultzatu nahi da, ingurumen-eragin txikiagoa izango duen osasun-sektore berritzaile eta lehiakorragoa sustatzeko.
Proiektuaren faseak lau izango dira:
- EZren printzipioak osasun-arretaren esparruan ezartzeak duen eragina neurtzeko metodologia bat garatuko da.
- Bazkideek, garatutako metodologia erabiliz, proiektuan parte hartzen duten ospitaleetako EZren aukeren eta ahalmenen diagnostikoa egingo dute. Diagnostiko horiek baliagarriak izango dira balio-katea osatzen duten enpresek negozio-eredu edo jarduera ekonomiko berriak garatzeko dituzten aukerak identifikatzeko. Diagnostikoei esker, ekonomia zirkularra aplikatuz irtenbideak eman ditzaketen enpresak identifikatu ahal izango dira.
- Lortutako datuekin, eskualde bakoitzak jarduera berriak eta negozio-ereduak garatzeko aukeren mapa egingo du, EZ aplikatuz.
- Azkenik, identifikatutako aukerekin lotutako irtenbideak garatzeko enpresek duten ahalmena baloratuko da, eta konponbideak aplikatzeko Euroeskualdeko beste enpresa edo zentro teknologiko batzuekin lankidetzan aritzeko aukerak definituko dira.
HEALCIER proiektua joan den ekainaren 1ean jarri zen martxan eta 2022ko ekainaren 1ean amaituko da.
* Proiektua Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) % 65ean kofinantzatu du, Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra programaren bidez (POCTEFA 2014-2020). POCTEFAren helburua Espainia-Frantzia-Andorra mugaren integrazio ekonomiko eta soziala indartzea da. Laguntza mugaz gaindiko ekonomia-, gizarte- eta ingurumen-jardueren garapenean oinarritzen da, lurralde-garapen iraunkorraren estrategia bateratuen bidez.