Urria 2021
Azaro Fundazioak Turingo Unibertsitateak lideratutako RETRACE Interreg Europe* proiektuan parte hartu zuen Europako beste lau lurraldetako erakunde eta gobernuekin batera. 2016-2020 epealdian garatutako proiektuaren helburu nagusia izan zen bazkideen eskualdeetako tokiko politiketan ekonomia zirkularraren sustapena nola bideratu aztertzea, tokiko garapenaren ikuspuntu sistemikotik abiatuta.
COVID 19aren ondorioz sortutako egoera berriak tokiko politiketako garapenean eragin izugarria izan du, eta Europar Batasunak digitalizazioa eta jasangarritasuna identifikatu ditu, besteak beste, krisi honetatik ateratzeko tresna estrategiko gisa.
Hori dela eta, RETRACE proiektuan lortutako emaitzak berraztertu egin nahi dira, eta etapa berri bat zabaldu da, 2022ko irailera arte luzatuko dena. Etapa honetan, pandemiak tokiko politiken estrategietan ekonomia zirkularrari dagokionez izan duen eragina aztertuko da; zein ondorio positibo eta negatibo izan dituen eta estrategia horiek tresna politikoen ikuspuntutik nola landu diren.
Analisi hori bideratzeko, RETRACE proiektuaren lehenengo etapan identifikatutako 6 esparruetan zentratuko da lana: ekonomia zirkularraren (EZ) politika-arauak; ekonomia zirkularrera egokitutako politikak; EZ-ean enpresak sortzeko eta garatzeko politikak bultzatzea; enpresa txiki eta ertainetan EZ-a sustatzeko politikak; sektoreen arteko elkarlana; eta ingurunearen ezagutza-maila ekonomia zirkularrari dagokionez. Bazkide bakoitzak tokiko diagnostikoa egiteaz gain, praktika onak ere identifikatuko ditu gai bakoitzaren inguruan, horiek partekatzeko helburuarekin.
Europako 4 herrialdetako erakunde eta gobernu hauek parte hartzen dute proiektuan: Turingo Unibertsitate Politeknikoa eta Piamonte eskualdea; Frantziako ESTIA (Ecole Supérieure des Technologies Industrielles Avancées) eta APESA (Centre Technologique en Environnement); Errumaniako Ipar-ekialdeko Lurralde Garapen Agentzia; eta Euskal Herriko Azaro Fundazioa.
* Retrace Interreg Europe programaren baitan kokatzen da eta Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) kofinantzatu du.