Azaroa 2022
Lea-Artibai eta Busturialdeko Kooperatiben Mahaia Elkarteak (Burdinola, Cikautxo, Eika, Fagor Arrasate, Kide, Laboral Kutxa eta Maier), Leartibai Fundazioarekin lankidetzan, Talentatu proiektuaren 5. edizioa jarri du abian.
Talentatu 2018-2019 ikasturtean hasi zen Lea-Artibai eskualdeko enpresa eta ikastetxeen arteko elkarlanaren bidez talentua sortu, erakarri eta mantentzeko helburuarekin. Talentua Sortu lan-ildoaren bitartez eskualdeko ikasleak etorkizunean bertan lanean gelditzea sustatu nahi da, horiek eskualdearekin eta bertoko enpresekin duten harremana eta ezagutza hezkuntza ibilbide guztian zehar txertatuz.
Ikasturte berriaren hasierarekin, Talentatu proiektuaren 2022-2023 ikasturteko egitaraua ere martxan jarri dute. Urriaren 4an proiektuaren arduradunak lehen hezkuntzako ikastetxeekin bildu ziren edizio berrirako prestatu duten jardueren zerrenda aurkezteko.
Horrela, aurtengoan ere, kooperatiba eta enpresetara bisitak egingo dituzte ikasleek, enpresetako langileen hitzaldiak izango dituzte ikastetxeetan, herri trukaketak egingo dituzte (gazteenek eskualdeko beste herrietako ikasleei beraien herriko ondarea eta ingurua erakutsiko diete), eta abar. Baina, horiez gain, berrikuntzak egongo dira: Lea-Artibaiko Neska eta Emakume Zientzialariak eskualdeko erakusleihoetan ikusgai; Lea-Artibaiko neska eta emakume zientzialariekin mahai-ingurua; eskualdeko baliabide turistiko esanguratsuenak landuko dira; eta orientatzaileei MIKekin egindako “Gaurko eta biharko profilak industria sektorean” azterketa aurkeztuko zaie, besteak beste. Egitarauarekin bukatzeko, ikasturte amaieran Lea-Artibaiko eta Busturialdeko Zientzia eta Teknologia Eguna ospatuko da, non ikasleek robotika, materialak, elektronika, matematika eta elektrizitatea bezalako gaiak lantzeko aukera izango duten Kooperatiben Mahaiko enpresen eta EHUko eta Leartiker zentro teknologikoko ikertzaileen eskutik.
Edizio honetan Lea-Artibaiko eta Busturialdeko 25 ikastetxe, 2.000 ikasle inguru, 7 kooperatiba eta hainbat enpresa eta merkatarik parte hartzea aurreikusten da. Egitasmo hau hainbat hezkuntza-etapatako ikasleei zuzenduta dago; Lea-Artibain lehen hezkuntza, bigarren hezkuntza, batxilergo eta prestakuntza-zikloetako ikasleei, eta jarduerak etapa bakoitzera egokituta daude. Busturialdean, berriz, bigarren hezkuntzako eta batxilergoko ikasleekin landuko da, eta ikasturte honetakoa 4. edizioa izango dute.
Laburbilduz, STEAM ikasgaiak sustatu, eskualdea ezagutu, nortasun sentimendua landu, eskualdeko industria-sarea ezagutu eta etorkizunean bertoko enpresak beharko dituzten langile profilak ezagutzea da helburua.