Apirila 2023
Talentatu proiektuaren 2022-2023 ikasturteko egitarauaren barruan, hainbat jarduera antolatu ditugu Lea-Artibaiko ikastetxeetako ikasleak eskualdeko enpresa-sarera hurbiltzeko, enpresa horien jarduera bertatik bertara ezagutu eta haiekin harremana sor dezaten.
Horren harira, Lea-Artibaiko Kooperatiben Mahaia Elkartearekin lankidetzan eskualdeko kooperatibetara eta enpresatara bisitak antolatzen ari gara azken asteotan. Aulesti, Munitibar eta Markina-Xemeingo ikastetxeetako Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleek inguruko hainbat enpresa ezagutu ahal izan dituzte, hala nola, Lantegi Batuak, Leartiker S.Coop., Baskaran Gaztak, Miba S.Coop. eta Cikautxo S.Coop. Baskaran Gaztak enpresan, gainera, beraien eguneroko lana ezagutzeaz gain, gazta egin eta probatzeko aukera ere izan dute ikasleek. Leartiker bisitatu duten ikasleek, aldiz, erronka bat landuko dute lantaldearekin batera, beraien ezagutzak zabaltzeko aukera emango diena.
Bisita horiez gain, “Goiz bat enpresan” jarduera antolatu dugu apirilean zehar, ingeniaritza ikasketak egin nahi dituzten 2. Batxilergoko ikasleei zuzenduta. Parte hartzaileek eskualdeko enpresa baten goiz oso bat pasatu dute ikasketa horiekin lotutako profesionalen ondoan. Horrela, beraien lan-mundua ezagutu eta eguneroko jardunaren inguruan ikasteko aukera izan dute Ondarroako institutuko ikasleek Burdinola eta Kide S.Coop. enpresetan. Lea Artibai Ikastetxekoak Cikautxo S.Coop., Eika S.Coop. eta Fagor Arrasate S.Coop.-en izan dira berriki bertako adituengandik ezagutzak eskuratzen.
Aurtengoa Talentatu proiektuaren 5. edizioa dugu eta Lea-Artibaiko eta Busturialdeko 25 ikastetxe, 2.000 ikasle inguru, 7 kooperatiba eta hainbat enpresa ari dira parte hartzen. Ikasturteari amaiera emateko, maiatzean Lea-Artibaiko eta Busturialdeko Zientzia eta Teknologia Eguna ospatuko dugu, non ikasleek robotika, materialak, elektronika, matematika eta elektrizitatea bezalako gaiak lantzeko aukera izango duten Kooperatiben Mahaiko enpresen eta EHUko eta Leartiker zentro teknologikoko ikertzaileen eskutik.
Talentatu proiektua 2018an abiarazi zen Lea-Artibai eskualdean Lea-Artibaiko Kooperatiben Mahaia Elkartearen (Burdinola, Cikautxo, Eika, Fagor Arrasate, Kide, Laboral Kutxa eta Maier) ekimenez eta Leartibai Fundazioaren dinamizaziopean. STEAMikasgaiak sustatu, eskualdea ezagutu, nortasun sentimendua landu, eskualdeko industria-sarea ezagutu eta etorkizunean bertoko enpresak beharko dituzten langile profilak ezagutzea du helburu.