Ekaina 2023
Biztanleria eta bere beharrak aldatzen diren heinean, gure herriak ere aldatzen doaz. Ez soilik itxura aldetik, baita zerbitzu eta eskaintza aldetik ere. Eta horri dagokionez, asko dugu esateko! Lea-Artibain negozio txiki asko ditugu, eta funtsezko lana egiten dute komunitatearen garapenean eta ongizatean. Beraz, uste duzu hobe dela lo egiteko eta paseatzeko herri bat izatea ala herri bizi bat izatea?
Leartibai Fundazioan argi dugu herri biziak behar ditugula, herriari zein bere inguruari nortasun propioa eman eta bere etorkizunaren alde egingo duen tokiko merkataritza dutenak. Merkataritza-sarea duen herri bat, tokiko ekonomia bultzatzen duena, bertako biztanleen garapen pertsonala eta lanekoa sustatuz eta ongizate fisikoa, emozionala eta soziala areagotuz. Eta horixe da, hain zuzen ere, eskualdeko hiru merkatari-elkarteekin (Hemen be bai, Zatozte, Kitto) batera sustatzen duguna.
Horretarako, Lea-Artibaiko 12 udalekin elkarlanean dihardugu eskualdeko establezimendu txikietan kontsumitzeak duen garrantziaz eta keinu txiki horrekin pertsona bakoitzak lor dezakeenaz herritarrak kontzientziatzeko: herriari bizia ematea, lanpostuak sortzen laguntzea, herriaren ongizatea sustatzea, azken finean, tokiko ekonomia eta herriaren etorkizuna bultzatzea.
Tokiko merkatariek hurbiltasuna, konfiantza eta segurtasuna ematen digute. Horregatik, kontziente izan behar dugu non erosten dugun eta ekintza horrek nola eragiten duen udalerrian, udalerriaren ekonomian, ingurumenean, gure etorkizunean…
Herritarrak kontzientziatzeko eta eskualdeko eskaintza ezagutarazteko helburuarekin, aurten ere, KONTZIENTZIAZIO KANPAINA DIGITALA jarri dugu abian: Guk Lea-Artibaiko establezimendu txikietan kontsumitzen dugu, eta zuk? Kanpainaren nondik norakoakgure sare sozialetan kontsultatu daitezke, baita eskualdeko merkataritza-eskaintza ezagutu ere.
Laburbilduz, ohartu gaitezen tokiko establezimendu txikietan kontsumitzeak eragin positiboa duela herriaren ekonomian, enpleguan, kulturan, ingurumenean eta, oro har, komunitatean. Bertako negozioetan erosten dugunean, gure udalerriaren oparotasuna eta ongizatea lortzen laguntzen ari gara.