Uztaila 2023
Oporrak gainean ditugu eta, horrekin batera, atseden hartzeko, gozatzeko eta beste txoko batzuk eta bertako jendea ezagutzeko garaia iritsi da. Hori dela eta, Lea-Artibai eskualdea ezagutzera emateko urteko momenturik aproposena da hau. Kontuan hartuta, gainera, pandemiaren ondoren turismoaren sektorea aurreko jarduera-bolumenak berreskuratzen ari dela, sektore horretako eskualdeko eragileek eskaintza zabala prestatu dute, kulturarekin, kirolarekin, naturarekin eta atsedenarekin lotutako jarduerak barne hartzen dituena.
Helburua turistek Lea-Artibai bost zentzumenekin ezagutzea da, baina baita haiek berriro eskualdea bisitatzea ere. Halaber, eskaintza adin eta baldintza guztietarako eskuragarri izatea nahi dute. Beraz, aurreko guztia kontuan hartuta, hauek dira bisitariek Lea-Artibain uda honetan egin ahal izango dituzten jardueretako batzuk:
- Bizkaia Kosta Bus: Bizkaiko kostaldeari balioa emateko helburuarekin, autobusez irteerak egingo dira Bilbotik Lea-Artibai, Uribe eta Urdaibai eskualdeak ezagutzeko. Helmuga bakoitzean ekologiarekin, geologiarekin, kirolarekin eta jasangarritasunarekin lotutako jardueren inguruko ibilbide tematikoak egingo dira eta 0 km hamaiketakoa dastatzeko aukera ere egongo da. Lea-Artibai ezagutzeko hurrengo irteera abuztuaren 12an izango da. Bertan, Lea-Ibilbidea egingo da, non Lekeitioko herrigune historikoa eta Mendexako Marierrota Itsas Errota ezagutzeko aukera egongo delarik.
- Lea-Artibai outdoor: turismo aktiboaren alorrean hainbat ekintza egiteko aukera dago eskualdeko turismo aktiboko enpresen eskutik. Leaktibai Abenturak abentura-kirolekin lotutako jarduerak antolatzen ditu eskualde osoan, talde murriztuentzat. Ur Lekeitiok, abentura kirolez gain, naturarekin lotutako ekintzak ere eskaintzen ditu, hala nola arrauna, kanoa zeharkaldia, Stand Up Paddle Surfa eta mendi ibilbideak, besteak beste. Mendexa Abentura Park tirolina eta zuhaiztien abentura parkea da eta 70 erronka baino gehiago ditu edozein adin eta baldintzatako pertsonentzat.
- Kostaldea: Lea-Artibaiko kostaldeak egitura geologikoak eta interes handiko paisaiak ditu, eta bost hondartza ditu: Ogella (Ispaster); Isuntza eta La Salvaje (Lekeitio); Karraspio (Mendexa); eta Arrigorrri (Ondarroa). Hondartza horien kalitatea ezin hobea da, guztiak egokituta daude eta familiei zuzendutako jarduerak eskaintzen dituzte. Ogellako hondartza izan ezik, gainerakoak herritik 50 metrora dauden hiri-hondartzak dira, eta, beraz, zerbitzu guztiak tokian bertan daude.
- Kultura eta Kirola: udan jaiak ospatzen dira eskualdeko herri guztietan, eta horrek bertako kultura eta ohiturak ezagutzeko aukera ematen du. Azokak ere antolatzen dira, non tokiko produktuak eta artisautza erosteko aukera dagoen. Era berean, hainbat kirol-lehiaketa egiten dira, hala nola arrauna eta zesta-punta.
Aipatzekoa da Lea-Artibaira hurbiltzen diren pertsonek beren ondasunik preziatuena ezagutu ahal izango dutela, bertako jendearen nortasuna eratzen duena: EUSKARA. Entzumena zorrozten badute, eskualdeko edozein txokotan entzuteko aukera izango dute.
Uda honetarako eskualdeko eskaintza turistiko guztia zehatz-mehatz ezagutzeko, Lea-Artibaiko turismo agentziaren agenda kontsulta daiteke bere web orrian www.leartibaiturismo.com.