Abendua 2023
Joan den abenduaren 13an, BIZKAIA OREKAN SAKONDUZen urteroko topaketa egin zen BECen, sare hori osatzen duten eragile eta erakunde guztien arteko harremana sendotzeko asmoz. Leartibai Fundazioa ere lurralde-lehiakortasuna bultzatu nahi duen sare horren partaide da.
Bizkaia Orekan Sakonduz Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Sailak eta BEAZ Bizkaiko Foru Aldundiko sozietate publikoak bultzatutako estrategia da. Bizkaiko industria- eta zerbitzu-enpresa aurreratuen lehiakortasuna sustatzeko ekimenak definitzea du helburu, garapen-agentzien eta toki-erakundeen arteko lankidetzaren bidez.
Jardunaldian egon ziren Bizkaiko Ahaldun Nagusia, Elixabete Etxanobe, eta Ekonomia Sustatzeko Diputatua, Ainara Basurko. 2020-2023 aldian egindako lanaren balantzea aurkeztu zuten, eta hurrengo etapari ekiteko erronkak eta konpromisoak aurreratu zituzten. Elixabete Etxanobek nabarmendu zuen foru erakundeak asmo sendoa duela Bizkaiko lurralde-oreka eta -kohesioa indartzeko, eskualde guztietan aukera-berdintasuna bermatzeko, jarduera ekonomikoa, industria-ehunaren lehiakortasun iraunkorra eta kalitatezko enpleguaren sorrera sustatuz.
Ziurtatu zuen legegintzaldi honetarako konpromisoa “Bizkaiko udalerri eta eskualdeen lehiakortasuna bizkortzea” dela, eta horretarako, datorren urteari begira, Bizkaiko Foru Aldundiak 2,6 milioi euro baino gehiago bideratuko dituela Bizkaia Orekan Sakonduz estrategiara. Halaber, Etxanobek dioenez, baliabideak, ezagutza, laguntza teknikoa eta etengabeko babesa emango die tokiko eta eskualdeko garapen-agentziei.
Bizkaia Orekan Sakonduz sarean 23 agentzia daude eta 225 proiektu bultzatu ditu hainbat berrikuntza eta nazioartekotze arlotan, 2020an hasi zenetik. Estrategia hori oso garrantzitsua da Leartibai Fundazioarentzat; izan ere, urtero eskualdeko industria-enpresen eta haiei lotutako zerbitzuen lehiakortasuna eta berrikuntza sustatzeko 6 programa garatzeko aukera ematen dio, baita Lea-Artibai 2030 plan estrategikoaren zenbait proiektu bultzatzeko ere.
Urteroko topaketa hau, lankidetzaren bidez, Bizkaiaren lehiakortasuna modu orekatuan sustatuko duen eskualde-garapeneko estrategia bat bultzatzeko erreferente gisa finkatzen ari den foro bihurtu da.