Urria 2024
ENPRESA BERDEAren helburua enpresa industrialen trantsizio ekologikoa lortzea da, Lea-Artibaiko enpresen hazkunde ekonomikoaren eredu berriaren eragile gisa, ikuspegi ekologiko integratzaile eta enpresen estrategiarekin lerrokatuta. Helburu hori lortzeko, beste ekintza batzuen artean, 4 webinar antolatu ditu Fundazioak, Bizkaiko beste 9 garapen-agentziekin lankidetzan. Saioak urrian eta azaroan zehar egingo dira online, 9:00etatik 13:00etara, eta doakoak izango dira.
Webinar horietako lehena urriaren 4an izango da, “Posizionamendua eta ideiak argitzen” izenburupean. Bertan, enpresa bat jasangarritasunaren arloan kokatzen laguntzen duten irizpideak edota arau nagusiak ezagutaraziko dira. Datozen urteetan indarrean jarriko diren araudien berri emango da, batik bat.
Horren ondoren, beste hiru saio burutuko dira egun hauetan:
- Urriak 18. “Karbono neutroa helmuga”. Bigarren saio honetan ingurumen-aztarnaren kalkulua eta karbono-neutraltasuna nola lor daitekeen azalduko da.
- Urriak 25. “Autosufizientzia energetikoa”. Hemen, laguntza-planen eta irtenbide espezifiko eraldatzaileen bidez energia-independentzia lortzeko bideak aurkeztuko dira.
- Azaroak 8. “Zirkulartasuna: negozio-eredu berria”. Webinar honen bidez, zirkulartasunaren kontzeptua, lehiarako dituen abantailak eta enpresetan nola txertatu daitekeen erakutsiko da.
Beraz, Lea-Artibai eskualdeko industria-enpresa, industriari lotutako zerbitzu-enpresa edo garraio- eta handizkako merkataritza-enpresa bazara eta banakako aholkularitza jaso nahi baduzu trantsizio ekologikorako zure estrategia diseinatzeko edo gai horretan aurrerapausoak emateko, Leartibai Fundazioarekin harremanetan jar zaitezke.
ENPRESA BERDEA Programa Bizkaia Orekan Sakonduz ekimenaren barruan kokatzen da eta Eskualdeko Lehiakortasuna Bultzatzeko Programaren bitartez diruz lagunduta dago. Bizkaia Orekan Sakonduz Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Sailak eta BEAZek bultzatzen dute, lurralde-lehiakortasuna sustatzeko. Leartibai Fundazioa Enpresa Berdearen parte da, Bizkaiko beste 9 garapen-agentziekin batera.