Azaroa 2024
Leartibai Sarien hirugarren edizioko sariak banatu ziren joan den ostegunean, azaroak 21, Amorotoko udaletxeko aretoan. Ekintzailetza bistaratu eta eskualdeko ekintzaileei errekonozimendua ematea helburu duen ekimen hau Leartibai Fundazioak antolatzen du, Bizkaiko Foru Aldundia, Lea-Artibaiko Kooperatiben Mahaia Elkartea, Lea-Artibai Landa Garapen Alkartea eta Lea-Artibai eskualdeko 12 udalen lankidetzarekin.
Aurtengo Leartibai Sarien ediziora 37 proiektu aurkeztu dira guztira, iaz baino 6 gehiago; izan ere, urtetik urtera ekimen hau gero eta gehiago sendotzen ari da eskualdeko ekintzaileen artean. 2023-2024 epealdian Lea-Artibai eskualdean negozio berri bat martxan jarri duten ekintzaileak parte hartu dute lehiaketan. Horrela, haien lana goraipatzeko eta bultzatzeko asmoz, 5 kategoria saritu ziren, kooperatiba onenari saria bertan behera gelditu zen, eredu horretako negoziorik ez delako sortu.
Sarituak
Negozio-ideia berritzaile onenari saria, 2.000 € + garaikurra.
NAIVET – Albaitaritza integratzailea (Ondarroa)
Ekintzailea: Naiara Arantzamendi
“Laguntza ikaragarria da. Babes ekonomikoaz gain, gehien bat, Leartibai Fundazioak emandako laguntzagatik, denbora guztian ondoan duzun laguntzaile bat bezala delako.”
Ostalaritza, turismo eta zerbitzu enpresa onenari saria, 1.500 € + garaikurra.
ARTAKA – Zirko-motrizitatea. Arte eszenikoak (Ondarroa)
Ekintzailea: Nahia Iparragirre
“Indar handia ematen dit sari honek eta baita herritarrek nire negozioari sare sozialetan eman dioten babesak. Nire proiektuan sinisten duzuela adierazten dit.”
Merkataritza establezimendu onenari saria, 1.500 € + garaikurra.
ANIE – Erropa, osagarriak eta bitxiak (Ondarroa)
Ekintzailea: Jaione Peña
“Sari hau indargune bat da, azken finean, enpresa bat sortzeko erabakia ez da erraza eta gaur egun zailagoa dela esango nuke. Honelako egitasmo batek errekonozimendua ematen digu. Espero dut ekimen honek aurrera jarraitzea. Laguntza handia da, bai ekonomikoki eta baita prozesu guztian laguntzen digutelako.”
Emakume ekintzaileari saria, 500 € + garaikurra.
ZENTRALA – taberna-jatetxea (Berriatua)
Ekintzailea: Olaia Urresti
“Ostalaritza mundutik nator eta otsailean Zentrala hartzeko aukera aurkeztu zitzaidan. Oso gustura nago emandako pausoarekin. Sari honek poztasun eta motibazio handia ematen dit, gure lana garaikur honetan islatuta ikusten delako.”
Gazteek sortutako negozio-ideia onenari saria, 2.000 €-ko 5 sari + garaikurra.
ALEX REAL FOOD – Dietista eta dibulgatzailea (Markina-Xemein)
Ekintzaileak: Alex Arrate
“Sari hau jasotzea ohore bat da, motibazioa ematen dit aurrera jarraitzeko. Ondo etorriko zait eguneroko gastuei aurre egin eta eskaintzen ditudan zerbitzuetan inbertitzeko.”
BABBEL KAFETEGIA (Markina-Xemein)
Ekintzaileak: Asim Intizar
“7 urtez egon naiz kafetegian lanean, ireki zenetik, eta negozioa eskualdatzeko aukera sortu zenean, nik neuk hartzea erabaki nuen. Proiektu polita, toki ederra eta bezeroak ere onak.”
ETXABE ODRIOZOLA ERAIKUNTZAK (Etxebarria)
Ekintzailea: Julen Echave
“Nire lehen soldata, sei hilabete eta gero, orain jaso dut. Argi neukan negozioa bideratuta eta gastu guztiak ondo kontrolatuta izan arte ez nuela soldatarik kobratuko, eta orain, nire lehen soldata eta sari hau jaso ditut. Pozarren nago!”
HABIXI – Fisioterapia zerbitzuak (Ondarroa)
Ekintzailea: Jugatx Gil
“Sari honek laguntza ekonomiko handia suposatzen du niretzat. Arnasaldi bat. Egindako gastuei aurre egiteko eta lasaitasunez aurrera egiteko.”
SORMEN LANTEGIA – Tailer artistikoak (Etxebarria)
Ekintzailea: Mikele Sotil
“Poztasun handia eman dit sari hau irabazteak. Aurrera jarraitzeko pizgarri bat da eta sortzen jarraitzeko materiala erosteko erabiliko dut sari ekonomikoa. Leartibai Fundaziotik jasotako laguntza ikaragarria izan da, gogotsu ekiteko eta aukera ezberdinak planteatzeko laguntza handia eman didate.”
Laguntza ekonomikoaz gain, irabazleek eta ekintzaile guztiek, oro har, Leartibai Fundazioa bidelagun izango dutela azpimarratu zuen Esti Plaza, Ekintzailetza eta Talentu arduradunak “Leartibai Fundazioko ekintzailetza-teknikariak prest egongo gara beti zuen proiektuaren etapa bakoitzean behar duzuen laguntza eskaintzeko” eskualdean ekintzailetza sustatzeko duten konpromisoa berretsiz. Izan ere, negozio-ideiaren garapenean eta azelerazioan aholkularitza etengabea eskaintzen zaie ekintzaileei eta, Lea-Artibai Berrikuntza Gunean dagoen Enpresa Haztegiko espazioetan kokatzeko lehentasuna izateaz gain, Leartibai Fundazioak kudeatzen dituen programa ezberdinetan parte hartzeko erraztasun guztiak ematen dizkiete.
Gazteentzako 5 sari
Bizkaiko Foru Aldundiak Lea-Artibaiko 12 udalerriekin lankidetzan sustatutako Udal Gaztedi Lea-Artibai 2024 proiektuaren baitan eman dira aurten ere gazteentzako 5 sariak. Gazteen emantzipazioa bultzatzea helburu duen proiektu hori Leartibai Fundazioak kudeatzen du eta eskualdean negozioa jarri duten 5 gazteen artean 10.000 € banatzea ahalbidetu du.
Instagram lehiaketa
Proiektuak ezagutzera eman eta herritarrak ere sariketa honetan murgiltzeko asmoz, Instagramen lehiaketa bat abiarazten da proiektu gustukoena saritzeko eta “like” ematen duten herritarren artean zozketa bat eginez. 2.500 bozka baino gehiago jaso dituzte aurtengo proiektuek Instagramen eta “like” gehien jaso dituena Artaka proiektua izan da. Lehiaketan parte hartu duten herritarren artean egindako zozketako irabazlea aldiz, Ondarroako Nagore Saraiva izan da, eta bai berak eta baita Artakak “Hamen Bertokoa” tokiko elikagaiez osatutako otzara bat jaso zuten ostengunean, ekitaldiaren baitan.