
Apirila 2025 –
Martxoaren 26an eta 27an, Intererregional Workshop Event deritzon topaketa ospatu zen Turinen, Politecnico di Torinok antolatuta. Ekitaldi horretan, SYSTOUR Interreg Europe proiektuko bazkideak eta turismo sektoreko beste eragile batzuk bildu ziren, kodiseinuko saio ezberdinen bidez turismo jasangarriko estrategietan aurrera egiteko.
SYSTOUR Leartibai Fundazioak parte hartzen duen Europako proiektu bat da, eta bere helburu nagusia turismo fluxuak hain ezagunak ez diren landa-eremuetara bideratzea da, horien balorizazioa sustatzeko. Proiektuaren ikuspegia mugikortasun jasangarriaren, konektibitate digitalaren eta eremu batek eskain ditzakeen benetako esperientzien arteko orekan oinarritzen da.
Lehen eguna: Ikaskuntzak eta ikuspegi berriak
Tailerraren lehen egunean, Vittorio Venetoren Garapen Turistikorako Ekintza Plana ezagutzeko aukera izan genuen, ingurunearekiko errespetuzko turismoa sustatzeko funtsezko estrategiak aurkeztu zituena. Gainera, helmuga turistiko jasangarrien plangintzan datuek duten funtsezko zeregina jorratu zen eta VisitPiemontek arlo horretan duten ikuspegi berritzailea partekatu zuen.


Bigarren eguna: Landa turismoari buruzko kodiseinua eta hausnarketa
Bigarren eguna World Cafe dinamika batekin hasi zen, landa eremuetako esperientzia turistikoei buruz eztabaidatuz eta parte hartzaileen arteko ideia-trukea sustatuz. Eztabaida horiek funtsezkoak izan ziren landa turismoa bisitarientzako zein tokiko komunitateentzako aukera erakargarri eta jasangarri nola bihurtu aztertzeko.
Bi egunetan zehar, ikaskuntzako eta kodiseinuko hainbat saiotan parte hartu genuen, taldean lan eginez, gure lurraldeen etorkizunean aplika daitezkeen irtenbide zehatzak sortzeko.
Eskualdeko Plan Estrategikoan aplikazioa
Saio horietan ikasitako guztia Eskualdeko Plan Estrategikoaren berrikuspenean txertatuko da. Prozesu hori aurten hasi dugu. Plan horrek gure eskualdean turismo jasangarriaren praktika onenak aplikatzeko bide orri gisa balioko du, Europako ekimen honetan lantzen ari garen guztia kontutan hartuz.
SYSTOUR Interreg Europe
SYSTOUR (Systemic approach for sustainable tourism strategies in rural áreas) lau urteko iraupena duen Europako proiektu bat da (2023 – 2027). Bere helburu nagusia turisten fluxuak balioztatu gabeko landa-eremuetara eramatea eta proiektuko testuinguruen berezitasunak azpimarratzea da, eremu bakoitzeko fluxuetan oreka bilatuz eta eremuak mugikortasun jasangarriaren, konektibitate digitalaren eta eremu batek eskain ditzakeen benetako esperientzien bidez lotuz.
Ekimena Politecnico di Torinok zuzentzen du, bazkide nagusi gisa, eta beste 6 erakunde bazkide publiko eta pribatu ditu; horien artean Leartibai Fundazioa. Horrez gain, Europako 6 herrialdetako (Italia, Espainia, Frantzia, Hungaria, Polonia eta Finlandia) 90 erakunde/pertsona laguntzaile baino gehiagorekin elkarlanean ari gara proiektu honen baitan.