
Martxoa 2026 –
Lea-Artibaiko turismo-sektoreko enpresen mahai teknikoa martxan da. 2026ko ekintza-plana aurkezteko eta, sektorearekin batera, eskualdeko turismo-enpresen lehiakortasuna indartzera bideratutako lan-ildo nagusiak zehaztu ziren bilera horretan.
Martxoaren 9an ospatu zen topaketan, enpresa parte-hartzaileek datozen hilabeteetan garatzen hasiko den ekintza-plana baliozkotu zuten. Eragileen arteko lankidetza sustatzea, lurraldearen ezagutza hobetzea eta sustapen-aukera berriak sortzera bideratutako ekimenak jasotzen ditu ibilbide-orri berriak.
Proposatutako ekimen horretako bat izan zen pasa den martxoaren 23an burututakoa: turismo enpresen arteko topaketa bat. Eskualdeko baliabide turistikoak ezagutarazteko eta sektoreko eragileen arteko esperientzia-trukea errazteko, Ondarroara egun erdiko irteera bat antolatu zen.
Udalerria bisitatu, ibilbide literarioa eta muralak bezalako baliabide turistiko erakargarriak ezagutu eta “Neskatilak” bisitarekin bukatu zuten ekintza. Ondarroako emakume saregileen elkartearen eskutik, lonja bisitatzeko aukera izan zuten, bertako jarduera zuzenean ikusi eta arrantza-sektoreari lotutako lanbide tradizional horri balioa emanez.
Parte-hartzaileen hitzetan esperientzia oso positiboa izan zen, eta dagoeneko lanean ari dira uda hasieran eskualdeko beste udalerri batzuetara irteera berri bat antolatzeko. Eskualdeko enpresen arteko lankidetza sendotzen laguntzen duen esperientzia aberasgarria izan zen.

2026ko turismo ekintza-plana
Marxoaren hasieran ospatutako bileran, funtsezko beste ekintza batzuk ere definitu ziren, hala nola prestakuntza-plan bat garatzea, bisita tekniko bat antolatzea eta Leartibai Fest jaialdia egitea. Izan ere, jaialdi honek aurtengo edizioan berrikuntza nabarmen bat izango du: eskualdeko hainbat jatetxek 0 kilometroko menua eskainiko dute, bertako produktuen kontsumoa sustatzeko eta eskualdeko nekazaritza jarduera bultzatzeko helburuarekin. Gainera, aukera bikaina izango da lurraldeko baliabide turistikoak bisitatzeko eta kalitate handiko bertako produktuekin egindako proposamen gastronomikoak dastatzeko.
Ekintza horiek guztiak antolatzeko eta abian jartzeko, mahai teknikoaren jarraipena eta baliozkotzea egingo da. Leartibai Fundazioarentzat sektorearen inplikazioa funtsezkoa da sinergiak sortzeko, enpresen errealitatea eta beharrak zuzenean ezagutzeko eta, elkarlanean, turismo-eredu lehiakorrago, jasangarriago eta lurraldearekin lerrokatuago baterantz aurrera egiteko.