• Hasiera
  • Taldea
  • Zerbitzuak
    • Ekintzailetza
    • Industria Lehiakortasuna
    • Tokiko Merkataritza
    • Talentua eta Enplegua
    • Turismoa
    • Toki Garapena
  • Programak
  • Kontaktua
  • Berriak
  • Dirulaguntzak
    • Industria & B2B dirulaguntzak
    • Txikizkako merkataritza dirulaguntzak
    • Turismoa dirulaguntzak
    • Ekintzailetza dirulaguntzak
    • Udalen dirulaguntzak
  • es

Hiru urteko lankidetza europarrari esker, FISHINN proiektuak Lea-Artibaiko ekonomia urdinerako ibilbide-orri bat sortu du

Urria 2026

Leartibai Fundazioa buru izan duen proiektu europarra nazioarteko aliantza berriekin, itsas-arrantza sektorearen etorkizunerako hiru proposamen estrategikorekin eta etorkizuneko Ondarroa Ekonomia Urdina Hub egitasmoaren bultzadarekin bukatu da.

Euskadi, Irlanda, Frantzia eta Portugalgo erakundeen arteko hiru urteko elkarlanaren ondoren, FISHINN (Innovation for Resilient Atlantic Fishing Territories) proiektu europarra urriaren 1ean bukatu zen, Irlandako Tralee herrian kokatutako Munster Technological University (MTU) unibertsitatean ospatu zen azken konferentziarekin.

Leartibai Fundazioak gidatuta eta Interreg Atlantic Area 2021-2027 programak finantzatuta, FISHINNek Atlantikoko arrantza-lurraldeen erresilientzia eta lehiakortasuna indartzeko berrikuntzaren, nazioarteko lankidetzaren eta ekonomia urdinari lotutako aukera berrien identifikazioan lan egin du.

Hiru urte hauetan, erakunde parte-hartzaileek Atlantikoko arrantza-komunitateek dituzten erronka nagusiak aztertzen lagundu dute; besteak beste, belaunaldi-erreleborik eza, kostu operatiboen igoera, araudiaren presioa, digitalizazioan aurrera egiteko beharra, ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko deskonexioa edo arrantza-jarduerak sortutako azpiproduktuen eta hondakinen aprobetxamendua.

Atlantiko eremuko lau lurraldek partekatutako helburua

Leartibai Fundazioa buru duen partzuergoa honako hauek osatu dute: Munster Technological University (Irlanda), Sines Tecnopolo (Portugal), Technopole Quimper-Cornouaille eta Pôle Mer Bretagne Atlantique (Frantzia).

Bazkide bakoitzak arrantza-ekosistema desberdin baten baitan lan egin badu ere, guztiek helburu bera partekatu dute: Atlantikoko kostaldeko komunitateen iraunkortasuna, lehiakortasuna eta erresilientzia indartzeko gai diren berrikuntza-aukerak identifikatzea.

Kerryn (Irlanda), Fenit, Dingle eta Portmagee portuetan, hiru eremu estrategiko lan egin dute: sektoreko eragileak koordinatzeko ekonomia urdineko kluster nazional bat sortzea; ekonomia urdinari lotutako talentua trebatzeko eta erakartzeko programak garatzea; eta itsasoko produktuen balio-katean balorizazio-aukera berriak bultzatzea, gutxiegi erabiltzen diren espezieei eta arrantza-azpiproduktuen aprobetxamenduari arreta berezia eskainiz.

Bretainian (Frantzia), Saint-Guénolé-Penmarc’h -ko portuaren ekosistemaren baitan hainbat erronka jorratu dira, hala nola arrantza-lanbideen erakargarritasun-galera, itsasoko produktuen balio erantsia handitzeko beharra eta itsas ezagutza belaunaldi berriei transmititzea. Lan horretatik, merkaturatze-eredu berrietan, sektoreko ekintzailetzan eta Saint-Guénoléko portuko merkatuaren dinamizazioan oinarritutako hiru proiektu pilotu sortu dira.

Bestalde, Alentejon (Portugal), Sines, Porto Covo eta Vila Nova de Milfontes portuekin, proiektua Sineseko ekosistema urdinean zentratu da, eta hiru prototipo garatzea ahalbidetu da helburu honekin: merkataritza-balio txikiko espezieak eta itsas azpiproduktuak balorizatzeko, arrantzaleen eta kontsumitzaileen artean merkaturatze-zirkuitu laburrak sortzeko, eta arrantza-kogestioko eta itsas turismoko eredu bat bultzatzeko, diru-sarrerak dibertsifikatzeko eta sektorearen erakargarritasuna handitzeko.

Lea-Artibairen (Euskadi) kasuan:

Lea-Artibai, ahalmen handiko ekosistema urdina

Lea-Artibaiko itsas eta arrantza-ekosistema Ondarroako eta Lekeitioko portuen inguruan egituratuta dago. Eskualdeak itsasoari lotutako jarduera ekonomikoaren kontzentrazio berezia du, arrantzaren balio-katearen zati handi bat hamar kilometro eskaseko erradioan bilduz, harrapaketatik eta lehorreratzetik hasi eta elikagaien eraldaketa, banaketa, prestakuntza espezializatua eta ikerkuntzaraino.

Gaur egun, 51 enpresak osatzen duten ekosistema urdin hori, 780 lanpostu inguru sortzen ditu, eta Ondarroako portuan bakarrik, Ondarroako arrain-lonjaren salmentetatik eratorritako fakturazioa 45 milioi eurokoa izan zen 2025ean, eskualdeko motor ekonomiko nagusietako bat bilakatuz.

FISHINNen egindako lanari esker, gure ingurunera transferi daitezkeen aukerak eta praktika onak identifikatu ahal izan dira sektorearen lehiakortasuna bultzatzeko: itsas produktuetako berrikuntzaren arloko praktikak, ekonomia zirkularreko soluzioak eta digitalizazioaren ezarpena, besteak beste.

Ekonomia urdinaren etorkizunerako hiru ekimen estrategiko

Lea-Artibain gauzatutako proiektuaren emaitza nagusi gisa, eskualdeko itsas ekosistema indartzeko eta dibertsifikatzeko hiru ekimen estrategiko definitu dira.

Lehenengoak egungo arrantza-balioaren katearen lehiakortasuna indartzea du helburu, berrikuntza, modernizazioa eta jardueraren fase guztietan balio erantsiaren sorrera sustatuz, eta Ondarroan aliantzak sortzeko eta lehorreratzeak erakartzeko hainbat misio antolatuz.

Bigarrenak akuikulturari lotutako industria-eremua aktibatzea eta dinamizatzea planteatzen du, enpresa berriak erakartzeko, suspertzen ari diren jarduerak bultzatzeko eta tokiko itsas ekonomia dibertsifikatzeko beharrezko baldintzak sortuz.

Hirugarrena, Ondarroa Ekonomia Urdina Hub sortzea, enpresak, startupak, zentro teknologikoak, hezkuntza-erakundeak eta administrazio publikoak biltzeko sortutako ekimena, enpresa industrialak, ekintzailetza, berrikuntza eta ekonomia urdinari lotutako talentua erakartzeko helburuarekin.

Hub hori lurraldean lehendik dauden aktibo estrategikoetan oinarritzen da, hala nola Ondarroako arrantza-balio-kate indartsuan, portuko azpiegituretan, arrantzan eta akuikulturan espezializatutako prestakuntzan eta eskualdean dauden gaitasun teknologikoetan. Helburua itsasoari lotutako jarduera ekonomiko berriak sustatzea izango da, ezagutzaren transferentzia erraztuz eta lurraldearentzat garapen jasangarrirako aukerak sortuz.

Gainera, FISHINNen egindako lanari esker, ekimen hau Eusko Jaurlaritzak Euskadin ekonomia urdinari lotutako berrikuntza-poloen sarea sustatzera bideratutako “Euskadi Urdina” estrategiarekin bateratzea ahalbidetu da.

Berrikuntza bultzatzeko tokiko foroa

FISHINNek zerbait frogatu badu, arrantza-sektorearen erronkek erantzun partekatuak behar dituztela da. Hori dela eta, Berrikuntzarako Tokiko Foroa sortzea izan da proiektuan lortu den mugarri garrantzitsuenetako bat. Bertan, administrazio publikoak, enpresak, arrantza-erakundeak, zentro teknologikoak eta prestakuntza-erakundeak bildu dira, eskualdearen etorkizunerako aukerak elkarrekin identifikatzeko. Eragile-sare horrek aktiboki parte hartu du lurraldeko etorkizunerako aukeren definizioan, eta gaur egun Lea-Artibaiko ekonomia urdinaren estrategia eraikitzen jarraitzeko aktibo nagusietako bat da.

Gune horretan parte hartu dute, besteak beste, Bizkaiko Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak, Ondarroako eta Lekeitioko udalek, Ondarroako Santa Klara Arrantzaleen Kofradiak, OPPAOk, HAZIk, Leartikerrek, AZTIk, Ondarroako Antiguako Ama Arrantza, Nautika eta Urpekaritza eskolak eta KARDALA LHII CIFP lanbide heziketako akuikultura eskolak, bai eta arrantza- eta elikadura-arloko balio-kateko hainbat enpresak ere.

Etorkizunera begiratzen duen ondarea

Irlandan ospatu zen azken jardunaldiak proiektuan parte hartu zuten lurraldeetan lortutako emaitzak partekatzeko eta Atlantikoko arrantza-komunitateen etorkizunari buruz hausnartzeko balio izan zuen.

Lortutako emaitzetatik haratago, FISHINNek nazioarteko lankidetza-sare sendoa, arrantza-lurraldeetan berrikuntza sustatzeko metodologia berriak eta ekonomia urdinak kostaldeko komunitateen garapen ekonomiko eta sozialean duen zeregin estrategikoari buruzko ikuspegi partekatua uzten ditu ondare gisa.

Leartibai Fundazioaren ustez, hiru urte hauetan egindako lana oinarri sendoa da itsasoko eta arrantzako sektorearen lehiakortasuna indartzeko ekimenak bultzatzen jarraitzeko, talentua eta jarduera ekonomikoa erakartzeko eta Lea-Artibai Arku Atlantikoan berrikuntza urdineko erreferente gisa sendotzeko.

Aurrekoa
Hurrengoa
Gurekin hitzegitea gustatuko litzaizuke?
Xemein Etorbidea, 12-A
Lea-Artibai Berrikuntza Gunea
Markina Xemein (BIZKAIA)
946169172
kaixo@leartibaifundazioa.eus
© Leartibai Fundazioa 2026 | All Rights Reserved
Gardentasun Ataria Lege oharra