
Ekaina 2026
Lea Artibai Ikastetxea Kooperatiba bihurtu zeneko 50 urte eta Leartibai Fundazioaren sorreraren 25.urteurrena ospatzeko bildu dira gaur Markina-Xemeinen Eusko Jaurlaritzako, Bizkaiko Foru Aldundiko, Mondragon Korporazioko eta bi erakundeotako ordezkariak.
Lea Artibai Ikastetxea orain dela 50 urte bihurtu zen Kooperatiba; Leartibai Fundazioak 25 urte bete ditu aurten. Urteurren hauek ospatzeko ekitaldi bateratua egin dute Markina-Xemeinen eta Euskadiko eta Bizkaiko erakundeetako eta Mondragon Korporazioko ordezkariak izan dituzte bidelagun ospakizun esanguratsu honetan: Begoña Pedrosa, Hezkunza Sailburuak, Ainara Basurko, Garapen Ekonomikoko Diputatuak eta Pello Rodriguez, Mondragon Korporazioko Presidenteak bat egin dute Noelia Barruetabeña, Lea Artibai Ikastetxeko eta Ainhoa Arrizubieta, Leartibai Fundazioko zuzendariekin. Bertan izan dira baita eskualdeko udal eta enpresetako ordezkariak, baita eragileak ere, guztira 120 pertsonek hartu dute parte ospakizunean. Ekitaldi ofiziala hasi aurretik Fundazioaren eta Ikastetxearen instalazioak ikusteko aukera izan dute bertaratutako agintari eta gonbidatuek.
Lea Artibai Ikastetxearekin hasi eta Leartibai Fundazioarekin jarraituz, bi erakundeok eskualdeko garapenaren ekosistema sozial eta ekonomikoa sortu eta sustatu dute urteetan zehar bertoko kultura eta bizikidetza hezkuntzaren bidez gazteei transmitituz, talentua garatuz eta balore horiek laneratze prozesuetan txertatuz. Zenbakietatik haratago, Ikastetxea eta Fundazioa Lea Artibai eskualdeko erreferente bihurtu dira, ezingo baitzen eskualde hau ulertu bi erakundeon lana aitortu gabe. Memoria eta oraina, tradizioa eta berrikuntza, hezkuntza eta lankidetza aldarrikatzeko momentua izan da gaur Markina-Xemeinen egindako topaketa, Ikastetxeak eta Fundazioak azken hamarkadetan eskualdearen garapenaren alde egin duten zubigile lana azpimarratuz.
Urteurreneko ekitaldian zehar hitza hartu duten agintariek eta ordezkariek, guztiek goraipatu dute bi erakundeok eskualdearen orain arteko garapenean egindako lana eta etorkizuna eraikitzeko egiten ari direna.


Noelia Barruetabeña, Lea Artibai Ikastetxearen zuzendariaren hitzetan ‘Duela 50 urteko ikaskuntza-planak eta gaur egungoak oso desberdinak dira eta ziurrenik gaur diseinatzen ari garenak ere ez dira hemendik 20 edo 30 urtera diseinatuko direnak. Nola prestatu pertsonak etengabe aldatzen den etorkizun baterako? Hezkuntzak ezin du aldaketaren atzetik ibili soilik, aldaketa ulertu egin behar du, aurreikusi eta ahal den neurrian aurrea hartu, batez ere egoera berrietara egokitzeko gai izango diren pertsonak prestatu’. Ikastetxearen zuzendariak gaineratu du hezkuntza zentru bat baino gehiago dela Lea Artibai Ikastetxea, zubigilea dela ‘zubigile izatea ez da rol tekniko bat, konpromiso bat da, pertsonak ez galtzeko, aukerak sortzeko eta etorkizunerako bideak zabaltzeko konpromisoa.
Ainhoa Arrizubieta, Leartibai Fundazioaren zuzendariak adierazi du ‘Urtero 100 enpresa baino gehiagorekin lantzen ditugu lehiakortasuna hobetzeko proiektuak, enpresa industrialak, turismo sektorekoak, merkatariak…beraien erronkak zeintzuk diren ezagutzen ditugu. Berebiziko garrantzia dauka eta lurraldearen ezagutzak, baita administrazio publikoaren laguntza ekosistemaren ezagutzak. Eta gure balio erantsia hor dagoela esango nuke.’ Industria jardueraren eraldaketaren ondorioz eskualdeak bere posizionamendua berrasmatu behar duela erantsi du ‘Lurralde bakoitzaren ezaugarrietan oinarritutako garapen eradua bultzatuz eta hori lortu nahian gabiltza’.


Ainara Basurko, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko Diputatuaren hitzek esanahi berezia izan dute, bera Azaro Fundazioaren sortzaile eta sustatzaileetako bat izan baitzen Foru Diputatu izan aurretik. Hunkituta hartu du hitza Basurkok, “ezin ukatu urte luzez historia honen parte izateko zortea eta pribilegioa izan dudala“. Nortasun berezia duen eskualde honetan, bi urteurren baino gehiago ospatzen direla esan du: “eskualde batekiko konpromisoa ulertzeko modu bat, lankidetzaren, ikuspegiaren eta aurrea hartzeko gaitasunaren historia kolektibo bat, etorkizuna eraikitzeko borondatea. Lea-Artibai eskualdean lankidetza ez da moda kontu bat, premia bat izan da, eta beharbada horrela azaltzen dira azken urteetan egin diren hainbat eta hainbat lorpen“.
Begoña Pedrosa, Hezkuntza Sailburuak bere aldetik, ekitaldi hunkigarria izan dela adierazi du eta bi erakundeak zoriondu ditu, beraien arteko sinergia estua agerian dagoela azpimarratuz. Irakasteaz, ikasteaz eta memoriaz aritu da Pedrosa “belaunaldi ezberdinetako haziak, ekarpenak eta ametsak ikusi ditugu gaurko ekitaldian eta legatu horretatik egin dute bidea bi erakundeek. Lea-Artibai eraldaketa soziala eta lehiakortasunaren alde egiten duen eskualdea da eta etorkizunera begira ere, balio horiek manteduz, erronka handiagoak etorriko dira“.


Pello Rodriguez, Mondragon Korporazioko Presidenteak kooperatibismoaren baloreak nabarmendu ditu ekitaldian hitza hartu duenean. Ekitaldian egotea plazer bat dela esanez hasi du bere hitzaldia eta bisitan etengabe entzun eta ikusi dituen hitzak azpimarratu ditu: “zubigintza, lankidetza, elkartasuna… beharrezkoak dira eraiki nahi dugun komunitatea eta gizartea bultzatzeko. Gizarte kohesionatua, berdinzalea, lehiakorra, berritzailea eta anitza“.
Jon Altuna, Lea Artibai Ikastetxeko Presidenteak bi erakundeen izenean hitz egin du ekitaldiaren hasieran, ohore handiz ospatzen duten ibilbidea dela azpimarratuz, komunitate batek egin duen ibilbidea. Lankide, eragile eta instituzioei eskerrak eman ondoren, “bailara honen etorkizuna eraikitzen jarraituko dugula” berretsi du.
Ekitaldian momentu hunkigarriak bizitzeko aukera izan dute bertaratuek, hitza hartu duten gonbidatuez gain, bideo bidez hainbat testigantza entzun baitituzte, bi erakundeen historia irudikatzen lagundu dutenak eta bide beretik jarraitzeko desio-mezuak entzuteko baliatu dituztenak.
Gaurko topaketa BIREN musika taldeko bikoteak bertsionatu duen Sinfonia Kooperatiboaren Ezagutza Mugimenduko piezarekin hasi da eta amaitzeko, taldea osatzen duten Ane eta Nora Agirre ahizpek eta Ikastetxeko ikasle ohiek bertsotan agurtu dituzte gonbidatuak eta bi erakundeak: “Garapen zubigile, ez dadila eten haria”.
