
Urria 2026
Ekitaldiak berrogeita hamar pertsona inguru bildu zituen landa-eremuetan energia berriztagarriekin lotutako politika publikoak hobetzeko emaitzak, esperientziak eta gomendioak partekatzeko.
Urriaren 14an, Euskadik Bruselan duen Ordezkaritzan ospatu zen SIRENERGY (Social Innovation in Renewable Energy) proiektuaren amaierako ekitaldia. Interreg Europak finantzatutako proiektu honek Leartibai Fundazioa izan du buru eta 2023tik, Europako landa-eremuetan herritarren parte-hartzea eta energia berriztagarrien gizarte-onarpena sustatzeko lan egin du.
“Engaging Rural Communities in the Energy Transition” izenburupean ospatu zen jardunaldian, 50 pertsona inguru bildu ziren: erakundeetako ordezkariak, energia-politiken arduradunak, proiektuko bazkideak eta Europako adituak tartean. Topaketa, gainera, Eskualdeen eta Hirien 2026ko Europako Astearen programazioaren parte izan zen, lurralde-garapenaren arloko esperientziak eta jardunbide egokiak trukatzeko Europako foro nagusietako bat.


Leartibai Fundazioarekin batera proiektuko bazkide den Energiaren Euskal Erakundeko (EEE) zuzendari nagusiak, Mikel Amundarainek, eman zion hasiera jardunaldiari. Egitasmoan zehar lortutako emaitza nagusiak, eta landa-eremuek trantsizio energetiko iraunkorrago, parte-hartzaileago eta inklusiboago baterantz aurrera egiteko dituzten erronkak izan ziren mintzagai jardunaldian.
Interreg Europe-ko Idazkaritza Bateratuko ordezkariek ere parte hartu zuten ekitaldian (hurrengo epealdirako programaren berrikuntzak partekatu zituzten) eta baita FEDARENEko (European Federation of Regions and Energy Agencies) hainbat adituk ere. Leartibai Fundaziotik bereziki eskertu nahi ditugu Vlasta Krmelj, Seamus Hoyne, Raúl García eta Weronika Kozaren ekarpenak, haien hausnarketek landa-komunitateek trantsizio energetikoan duten zereginari buruzko eztabaida aberastu baitzuten.
Ekitaldian argi gelditu zen, energia berriztagarrien proiektuen onarpena lortzeko ezinbestekoa dela tokiko komunitateetan oinarritzea. Haiekin lan egin behar da hasieratik, prozesu horren konplexutasuna aitortuz: alderdi guztiak inplikatzen direnean eta proiektuak azterketa teknikoekin babesten direnan mesfidantzak iraun dezake, eta horren kudeaketak etengabeko ahalegina eskatzen du. Horregatik, pertsonengan oinarritutako trantsizio baten aldeko apustua berretsi zen topagune honetan eta planifikaziotik ekintzara igarotzeko urrats erabakigarria emateko deia egin zen.


Energia berriztagarriak herritarrei hurbiltzeko proiektu europarra
SIRENERGY 2023ko martxoan hasi zen landa-ingurunean energia berriztagarriekin lotutako eskualde- eta estatu-politikak hobetzeko helburuarekin, herritarren inplikazioan eta energia sortzeko eta kontsumitzeko eredu parte-hartzaileen garapenean arreta jarriz.
Leartibai Fundazioaren gidaritzapean eta EEE – Energiaren Euskal Erakundearekin lankidetzan, proiektuak Frantziako, Bulgariako, Suediako, Errumaniako eta Poloniako erakundeak bildu ditu, ezagutzak trukatzeko, jardunbide egokiak identifikatzeko eta irtenbide berritzaileak sustatzeko, landa-lurraldeen beharrizanetatik gertuago dagoen trantsizio energetikoa lortzen laguntzeko.
Egindako jarduera nagusien artean, honako hauek nabarmentzen dira: lurralde-diagnostikoak egitea, politika publikoak aztertzea eta herrialde parte-hartzaileetan truke-bisitak egitea.


Lehenengoa Lea-Artibaira izan zen. Hemen, bazkideek Euskadiko ekimen nagusiak ezagutu zituzten, hala nola Ispasterreko District Heating, Ekiola Lea-Artibai energia-kooperatiba edo Mutrikuko BIMEP itsas energiaren plataforma. Ondoren, Suedian, Polonian, Errumanian eta Bulgarian zehar jarraitu zuten bisitek, energia-komunitateekin, eguzki-energiarekin, energia hidroelektrikoarekin eta pobrezia energetikoaren aurkako borrokarekin lotutako esperientziak ezagutzeko aukera emanez.
Lau urteko lanaren ondoren, proiektuaren ondorio nagusietako bat da; edozein ekimen diseinatzeko, trantsizio energetikoak lehen faseetatik herritarren parte-hartze aktiboa eskatzen duela. Tokiko komunitateen inplikazioa, gardentasuna eta onura partekatuak sortzea funtsezko faktore gisa identifikatu dira energia berriztagarrien onarpen sozial handiagoa lortzeko.
Bruselan egindako azken ekitaldi horrekin, SIRENERGYk Europako lankidetza-etapa bati amaiera eman dio. Etapa horri esker, ezagutza sortu, esperientziak partekatu eta eskualdeen arteko lankidetza indartu ahal izan da, landa-eremuetan energia-eredu iraunkorrago eta parte-hartzaileago baterantz aurrera egiteko.

Proiektuko bazkideak
- Leartibai Fundazioa (liderra), Euskadi.
- Energiaren Euskal Erakundea (EVE), Euskadi.
- Association for Environment and Safety in Aquitaine (APESA), Francia.
- Regional Agency for Entrepreneurship and Innovations – Varna (RAPIV), Bulgaria.
- Energy Agency Southern Sweden, Suecia.
- North-East Regional Development Agency, Rumania.
- Marshal’s Office of the Mazovian Voivodeship, Polonia.
