
Azaroa 2025 –
Azaroaren 19an, Leartibai Sarien bosgarren edizioa ospatu zen Markina-Xemeinen kokatutako Lea-Artibai Berrikuntza gunean. Ekintzailetza bistaratu eta eskualdeko ekintzaileei errekonozimendua ematea helburu duen ekimen hau Leartibai Fundazioak antolatzen du, Bizkaiko Foru Aldundia, Lea-Artibaiko Kooperatiben Mahaia Elkartea, ASSET, Lea-Artibai Landa Garapen Alkartea eta Lea-Artibai eskualdeko 12 udalen lankidetzarekin.
Aurtengo Leartibai Sarien ediziora 65 proiektu aurkeztu dira, iaz baino 9 gehiago: 2025-2026 epealdian Lea-Artibai eskualdean negozio berri bat abian jarri duten ekintzaileen 39 egitasmo eta Lanbide Heziketako eta Batxilergoko ikasleek aurkeztu dituzten 26 negozio-ideia. Guztira 18.500 euro banatu dira saritutako 15 proiektuen artean (ikusi irabazleen zerrenda amaieran*).




Ekonomia Urdina sariketako kategoria berria
Berrikuntza gisa, Fundazioak ekonomia urdinaren arloan duen estrategiari jarraituz, aurten jarduera honekin lotutako negozioek ere kategoria propioa izan dute.
Kategoria honetan saria jaso duen proiektua ARAN ELEKTRIZITATEA izan da, Ondarruko Portuan dauka kokapena eta arrantza sektoreko enpresetan eskaintzen du bere zerbitzua, besteak beste.
Sariketako kategoriak zortzi izan dira: negozio ideia berritzailea, ostalaritza, turismo edo zerbitzu enpresa, merkataritza establezimendua, eredu kooperatiboa, emakume ekintzailea, gazteek sortutako enpresa, lanbide heziketa eta batxilergoko ikasleen negozio ideia eta ekonomia urdineko negozioa.
Gazteak eta emakumeak nagusi
Gazteen ekintzailetzak partehartze nabarmena izan du aurtengo lehiaketan, izan ere lehiaketara aurkeztu diren 39 proiektutik 16 egitasmo, 35 urtetik beherako gazte ekintzaileak gidatutakoak izan dira. Horrez gain, Lanbide Heziketako eta Batxilergoko ikasleek aurkeztu dituzten beste 26 negozio-ideia kontutan hartu behar direlarik.
Horrela, guztira 42 proiektu gazteen eskutik etorri dira aurtengo sariketara.
Emakumeen presentzia ere nabarmena izan da, 2025-2026 epealdian negozioa martxan jarri duten 39 egitasmotatik 22, emakume ekintzaileen esku egon baitira, %56a.
25 urte Lea-Artibaiko ekintzailetza bultzatzen
Sari banaketarekin hasi aurretik Leartibai Fundazioak ekintzailetzaren alorrean egiten duen lana balioan jartzeko bideo bat aurkeztu zen eta jarraian Ekintzailetza, Merkataritza eta Talentu arduraduna den Esti Plazak ekintzailetza eta enplegu datuak, metodologia eta elkarlanaren garrantziaz hitz egin zuen.
Ekintzailetza erakundearen lan-arlo nagusienetariko bat da eta 25 urtetan zehar 650 enpresa berri eta 800 lanpostu baino gehiago sortzen lagundu du Leartibai Fundazioak ekintzaileekin negozio-ideien bideragarritasuna lantzeko duen metodologia propioarekin. Azken aldian, oinarri teknologikodun enpresen ekintzailetzan fokua ere jarri du erakundeak eta helburu horretan Leartiker zentro teknologikoa du bidelagun, honen ikerketa lerroetatik ateratzen diren spin-offak azeleratuz. Eta gaur egun negozioen erreleboarekin dagoen arazoari aurre egiteko Pertsianak Zabalik oinordetza programa ere abiatu du, hurrengo urteetan izango diren erretiroak aurrez detektatu eta negozio horiei jarraipena emango dieten ekintzaileen bilaketa aktiboan murgilduz.
Ekintzailetza, gizartea bera bezala, aldatzen doa eta eraldaketa horretan Fundazioak kontzeptu eta metodologia berriak ezartzen ditu; etorkinen ekintzailetza, digitalizazioa, jasangarritasuna eta euskara negozio-ereduetan, besteak beste. Garai eta beharrizan berrietara egokitzea ezinbestekoa baita eskualdearen garapenean lan egiteko.
25 urtetan 160.000€ baino gehiago saritan
Leartibai Fundazioa Lea-Artibai eskualdearen garapenarekin konprometitua dagoen erakundea da eta bere misioetako bat negozio berriak sustatzea da, ekintzaile hasiberriei zein hazkunde-prozesuan dauden enpresen bidelagun izanez.
Ekintzaileei errekonozimendua ematea helburu duten ekintzailetza sarietan, 25 urtetan 160.000€ baino gehiago banatu ditu Fundazioak eta 100 enpresa baino gehiago saritu dira. Leartibai Sariak ekimen honen bidez ekintzailetza kultura hedatu, kooperatiba eredua sustatu eta balio erantsi handiko enpresa berritzaileak bultzatzen jarraituko du Fundazioak, eskualdeko ingurune ekonomikoaren eraldaketan eta jasangarritasunean lagunduko duten negozioak bultzatzen, hain zuzen ere.
ZATOZTE Ondarroako dendari eta ostalari elkartearen 25. urteurrena
Aipamen berezia jaso zuen atzoko ekitaldian Ondarroako dendari eta ostalari elkarteak bere 25 urteurrena dela eta. Eva Aranbarri, elkarteko arduradunak hunkituta hitzegin zuen ZATOZTEren 25 urteko ibilbidean egindako lana eta ahalegina eskertu eta nabarmendu zirenean. Bidea geroz eta aldapatsuagoa bada ere, ahaleginean jarraituko dutela adierazi zuen Aranbarrik txalo-zaparrada artean.

Sarituak
NEGOZIO IDEIA BERRITZAILEARI SARIA 1.500€ eta garaikurra
LTK CRYOSOLUTIONS (Markina-Xemein) – Edilberto Ojeda
Produktu biologikoen manipulazioa errazteko produktu sanitarioen garapena.

OSTALARITZA-TURISMO-ZERBITZU ENPRESARI SARIA 1.500€ eta garaikurra
CAMPERS KAI (Ondarroa) – Yerai Flores
Furgoneta txiki eta ertainen kanperizazioa.

MERKATARITZA ESTABLEZIMENDUARI SARIA 1.500€ eta garaikurra
LILIE: FRAGANTZIAK & KOSMETIKA (Ondarroa) – Sandy Ordinola
Lurrinak eta kosmetika naturala.

KOOPERATIBA EREDUARI SARIA 1.500€ eta garaikurra
NORD AUTO MARKINA (Markina-Xemein) – Zouhair El Mahfoudy
Ibilgailuen garbiketa, mantentze-lana, txapa eta pintura.

EMAKUME EKINTZAILEARI SARIA 1.500€ eta garaikurra
ETXEA BRILLANTE M&M (Ondarroa) – Maricielo Alexandra Ushiñahua
Etxebizitza, establezimendu eta komunitateen garbiketa profesionala, konfiantzazkoa, hurbila eta kalitatezkoa.

EKINTZAILE GAZTEEK SORTUTAKO ENPRESARI 5 SARI 1.500€ eta garaikurra
ARNAITZ CASCO ELEKTRIZITATEA (Lekeitio) – Arnaitz Casco
Elektrizitate zerbitzu integrala.

AZTARNA FISIOTERAPIA (Markina-Xemein) – Eneritz Mendikute
Herritarren ongizatea eta osasuna bultzatzea eta beraien min desberdinak arintzea bilatzen duen fisioterapia eta entrenamendu zerbitzua..

GABIOLA MINDBODY (Lekeitio) – Unai Gabiola
Entrenamendua, elikadura eta mentalitatea batzen dituen aplikazioa, plan pertsonalizatuekin.

GOLKO SYSTEM (Berriatua) – Gael Ortiz eta Danel Gojenola
Negozio oso bat panel batean: webgunea, bezeroak eta fakturak.

ZILLUTA KONPONKETA LANAK (Amoroto) – Iker Fernandez
Konponketa lanak.

LANBIDE HEZIKETAKO ETA BATXILERGOKO IKASLEEN NEGOZIO IDEIARI 4 SARI 500€ eta garaikurra
ERABILI: Juan Camilo Leiva. Lea Artibai Ikastetxeko Lanbide Heziketako ikaslea.
Etxeetan eta negozioetan noizean behin erabiltzen diren tresna eta materialen alokairu zerbitzua.

INNERLY: Jon Arrazua, Iraia Aretxabala, Lander Bustinduy, Amaiur Aboitiz. Lea Artibai Ikastetxeko Batxilergoko bigarren mailako ikasleak.
Pertsonei laguntza emozionala emateko adimen artifizialean oinarritutako aplikazioa.

PREMIOS ASSET
(ARIZMENDIARRIETAN SOCIAL ECONOMY THINK TANKen eskutik)
ECOVIEW: Ibane Caballero, Eñaut Cabanillas, Izaga Etxaburu eta Nerea Egia. Lea Artibai Ikastetxeko batxilergoko bigarren mailako ikasleak.
Betaurreko inklusibo eta biodegradableak.

CEM: Nicolas Cid. Lea Artibai Ikastetxeko lanbide heziketako ikaslea.
Pertsona nagusiei zuzendutako janari ekologikoa.

EKONOMIA URDINEKO NEGOZIOARI SARIA 1.500€ eta garaikurra
ARAN ELEKTRIZITATEA (Ondarroa) – Xabier Aranburu
Instalazio elektrikoak.

Herritarren babesa ekintzaileei
Ekintzaileei babesa adierazi eta beren proiektuak ezagutzera emateko Instagramen antolatzen den lehiaketaren arrakasta urtetik urtera handiagoa da. Proiektuek 3.000 boto baino gehiago jaso dituzte guztira, tokiko ekintzailetzaren eta eskualdeko enpresa-ekimen berriek duten babes sozialaren adierazle.
ZIRKULAR proiektua izan da publikoaren gogokoena eta Haritz Bilbao ondarrutarrak irabazi du proiektuei bere babesa adierazi dioten herritarren artean egindako zozketa. Biek Hamen Bertokoa ekimeneko tokiko produktuen saski bana jaso zuten atzoko ekitaldian.


