Uztaila 2024
Lea-Artibaiko udalerrietako alkateak eta industria-enpresetako ordezkariak bildu zituen Leartibai Fundazioak, uztailaren 3an, Lea Artibai Berrikuntza Gunean, industria-lehiakortasunaren inguruko lan-saio batean.
40 pertsonak osatutako lantalde horretan, eskualdeko eremu publikoko zein pribatuko ordezkariek parte hartu zuten, Lea-Artibai eskualdearen industria-lehiakortasuna bultzatzea helburu dutenak.
Aldez aurretik, bertako eragile eta enpresekin batera eta KREAN Group enpresarekin elkarlanean azterketa bat egin zuten eskualdean hobetu behar diren industria-azpiegiturak identifikatzeko eta lehentasunak ezartzeko. Azterketa hori Bizkaiko Foru Aldundiaren Bizkaia Orekan Sakonduz estrategiaren barruan dagoen Eskualdeko Lehiakortasuna Bultzatzeko Programaren bidez burutu zuten.
Azterlan horren emaitzak aurkeztu eta beharrizanak lehenesteko asmoarekin antolatu zuten, hain zuzen ere, asteazkeneko saioa. Bi zatitan banatu zen jardunaldia: Lehenik eta behin, zona bakoitzeko azpiegitura garrantzitsuenen egoerari eta hobetzeko arrazoi nagusiei buruz hausnartu zuten. Ondoren, azterlanean identifikatutako hobetu beharreko 40 azpiegituren inguruan aritu ziren. Horrela, hobekuntzen eragina, bideragarritasuna eta izaera estrategikoa kontuan hartuta, 10 azpiegituren hobekuntza lehenetsi zuten.
Hurrengo urratsa hautatutako azpiegituren hobekuntzak garatzeko ibilbide-orri zehatz bat diseinatzea izango da. Ekintza hori Leartibai Fundazioak eta eskualdeko eragile eta industria-enpresek egingo dute elkarlanean azpiegitura zehatzetan oinarritutako lantaldeak sortuz.
Jardunaldi hau Lea-Artibai 2030 Plan Estrategikoan ezarritako “Azpiegituren plana eta gaitasunen balioa nabarmentzea” proiektu traktorearen parte da, ongizatea eta ekitatea dituen eskualde erakargarri eta iraunkor bat finkatzeko.