Abendua 2024
Leartibai Fundazioak bi ekitaldi garrantzitsutan parte hartu zuen azaroan, berrikuntzarekin eta Lea-Artibai eskualdeko enpresa txiki eta ertainei laguntzearekin duen konpromisoa indartuz.
Azaroaren 26an, Innobasque-ren eskutik, Berrikuntza Bultzatzeko Eragileen Sarearen Osoko Bilkuran egon zen, CIC energiGUNEn. Saioan, jardunbide egoki batzuk aurkeztu ziren, gaur egun enpresei laguntza integrala eskaintzeko funtzionatzen ari direnak. Aurkezpen horiek Sareko eragileek egin zituzten: Gasteizko Udala, DEE-AED, Oarsoaldea Garapen Agentzia eta SPRI.
Topaketan, eragileen sareak 2025. urteari begira dituen erronkak eta aukerak eztabaidatu ziren, lan-dinamika saio batean, eta erronka horiei elkarrekin nola aurre egin daitekeen sakondu zen. Gainera, parte hartzaileek CIC energiGUNEren instalazioetara bisita egin ahal izan zuten, bertan garatzen diren puntako ikerketak eta proiektuak bertatik bertara ezagutzeko.
Innobasque 2025erako Ekintza Planaren diseinuan laneran ari da eta Leartibai Fundazioak aktiboki parte hartzen jarraituko du plan horretatik ateratzen diren eta Lea-Artibai eskualdeko enpresentzat interesgarriak diren proiektuetan.
Belaunaldi-erreleboa eta ekonomia zirkularra
Bestalde, azaroaren 28an, belaunaldi-erreleboari eta ekonomia zirkularrari buruzko jardunaldi batean parte hartu zuen Fundazioak, Garapenen eskutik (Garapen Agentzien Euskal Elkartea). Ekitaldi honetan, gaur egun enpresek dituzten erronka handietako bi jorratu ziren, Asle, Debegesa, Innobasque, Ihobe, Bidasoa Activa eta Egaz Txorierrik eskainitako hitzaldiekin.
Testuinguru horretan, Egaz Txorierrik Enpresa Berdea programa aurkeztu zuen, Lea-Artibai eskualdean ere abian den ekimena, Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatua, Bizkaia Orekan Sakonduz estrategiaren Eskualdeko Lehiakortasuna Sustatzeko Programaren baitan.
Leartibai Fundazioak positiboki baloratzen du euskal enpresa-ekosistemako eragileekin topaketa horietan parte hartzeko aukera, ideiak partekatzeko eta eskualdeko enpresa txiki eta ertainentzako etorkizun berritzaileago eta iraunkorrago baterantz elkarrekin aurrera egiteko gunea baita.