Urtarrila 2025
Urtean 70 ekintzailetik gora hurbiltzen dira Leartibai Fundazioaren ekintzailetza zerbitzutik. Sortu zure enpresa pausoz pauso deituriko zerbitzu hori Lea-Artibai eskualdean enpresa bat sortu nahi duen pertsona orori zuzenduta dago eta enpresa-ideia definitu, garatu eta martxan jartzeko banakako tutorizazioa eskaintzen zaio.
Zerbitzu honetatik pasatzen diren ekintzaileen erdiak gutxi gorabehera sortzen du enpresa bat. Horrela, 2024. urtean 39 izan dira sortu diren negozio berriak eta enpresa berri horren sorrerari esker 45 lanpostu sortu dira.
Datuak herrika banatuta, Ondarroan (13), Markina-Xemeinen (9) eta Lekeition (9) sortu ziren enpresa berri gehienak, ia %80a. Berriatuan lau negozio sortu ziren eta Amoroto, Etxebarria, Gizaburuaga eta Ispasterren bana.
Enpresa tipologiari dagokionez, negozio txikiak dira, gehienetan autoenplegukoak edo bi langilekoak. Gainera, hauetako asko, negozio esku aldatzeak dira. Merkataritzara, norbere zaintzara lotutakoak (fisioterapia, yoga kirola…) edo kafetegi/tabernak dira gehienak.
Ekintzaileek dituzten dirulaguntza aukerak ere aztertzen dira Sortu zure enpresa pausoz pauso deritzon zerbitzuaren bidez. Horrela, iazko urtean, Leartibai Fundaziotik enpresa sortu berrientzat 44 dirulaguntza eskaera bideratu ziren.
Prestakuntza ere funtsezko aspektu bat da ekintzaileentzat. Enpresa baten eguneroko erronkei aurre egiteko beharrezkoak diren tresnak, ezagutzak eta trebetasunak lortzeko beharrezkoa. Horregatik, Leartibai Fundazioak hainbat formakuntza-saio eta programa bideratzen ditu urtero ekintzaileen lehiakortasuna areagotzeko asmoz. Horrela, 2024an 43 ekintzailek parte hartu zuten mota honetako ekintzetan.
Markina-Xemeinen dagoen Lea-Artibai Berrikuntza Gunean, Leartibai Fundazioaren egoitzan, bulegoak eta pabiloiak dituen enpresa-haztegi bat ere badago ekintzaileen eskura, beraien lehen urteetako jarduna errazteko.
Badakigu ekintzailetza ez dela erraza, eta sarritan ekintzaileek baliabide falta, merkatuko ziurgabetasuna eta erabaki garrantzitsuak hartzeko etengabeko presioa bezalako oztopoei aurre egin behar izaten dietela. Baina gure ekintzailetza-zerbitzuak urte luzetako esperientzia duten pertsona kualifikatuak ditu, beraien ibilbidean zehar laguntzen dietenak. Bai hasieran, bai enpresa sortu ondorengo beste edozein beharrizan-unetan ere.