
Maiatza 2025 –
Leartibai Fundazioak, Bizkaiko beste 11 eskualderekin eta GAIA Klusterrarekin (Euskadiko Ezagutza eta Teknologia Industrien Elkartea) lankidetzan, Bizkaiko ETEei zuzendutako “Smart Factory-ra bideratutako jardunbide egokiak – Eraldaketa produktiboa” online jardunaldia antolatu zuen joan den maiatzaren 15ean.
Suspertze Digitala 2025 programaren baitan antolatu zen saioak Adimen Artifizialak ekoizpen denboren kalkulua eta tailerraren kudeaketa integrala hobetzeko duen ahalmena izan zuen ardatz. We are Clickers eta Zitu izan ziren hizlariak, eta Leartibai Fundazioaren eskutik enpresaren eraldaketa digitala gauzatu ahal izateko dauden finantzaketa aukerak ere aztertu ziren.
Adimen Artifiziala (AA) industrian izaten ari den eragina ukaezina da eta bi ponentziek, kasu praktikoen bidez, ETEei laguntzeko tresna hori nola inplementatu daitekeen erakutsi zuten. Alde batetik, We Are Clickers aholkularitza enpresak enpresa batean eskaintzak sortzeko prozesuaren automatizazioan AAren bidez saihestu daitezkeen egoerak aurkeztu zituen: denbora eta baliabideak kontsumitzea, arintasun faltagatik aukera komertzialak galtzea, proposamenen funtsik ezari aurre egitea edo ezagutza kapitalizatzeko zailtasunak. Bestalde, Zitu-k, enpresentzako software berritzailean espezializatutako soluzio teknologikoak eskaintzen dituen enpresak, bere hitzaldia itsas propultsioaren eta ponpa hidraulikoen sektoreko enpresa baten benetako kasu praktiko batean oinarritu zuen. Enpresa horrek tailerraren kudeaketa integrala ezarri du, AAren bidez ekoizpena digitalizatuz eta optimizatuz.
Jardunaldiak Bizkaiko 45 enpresa baino gehiago konektatzea lortu zuen, horien artean Lea-Artibai eskualdeko 7 enpresa. Hurrengo ekintza, maiatzaren 29an, Etxebarrian dagoen EIKA kooperatibara egingo den bisita izango da. Jarduera hori Suspertze Digitala programaren barruan kokatzen da, eta enpresan ezarritako digitalizazio aurreratuko prozesuak bertatik bertara ezagutzeko aukera emango du.
Ekintza honetan interesa duten industria, garraio eta handizkako merkataritzako enpresak Leartibai Fundazioarekin jar daitezke harremanetan esteka honetan: kontaktua.
Suspertze Digitala
Programa hau 2019an abiarazi zuen lehen aldiz Leartibai Fundazioak, Bizkaiko beste eskualde batzuetako garapen ekonomikoko eragileekin elkarlanean, Bizkaiko enpresa txiki eta ertainei eraldaketa digitalean babesa emateko helburuarekin, hobeto kudeatutako prozesu eraginkorragoak sortzen lagunduz eta balio erantsi handiagoko produktuak eta zerbitzuak garatuz.
Ordundik, hainbat jarduera egin dira proiektu honen esparruan: webinarrak, enpresetara bisitak digitalizazio praktika on aurreratuak ezagutzeko, praktika onak transferitzeko erakustaldi tailerrak, digitalizazio planak garatzeko enpresei laguntzeko zerbitzuak…
Suspertze Digitala Bizkaiko Foru Aldundiaren Bizkaia Orekan Sakonduz estrategiaren barruan dago, eta Eskualdeko Lehiakortasuna Bultzatzeko Programaren bidez diruz lagunduta dago.