Ekaina 2025 –

Batirtze Uribe Meabe
KITTO Lekeitioko Merkatari Elkarteko lehendakaria
Noiztik dabil martxan Kitto Merkatari Elkartea?
KITTO Merkatari Elkartea 2005ean sortu zen, baina aurretik ere egon zen beste elkarte bat. Nire kasuan, Elkartean negozioa ireki nuenean sartu nintzen, 2015ean, diruzain moduan, eta 2024 urteaz geroztik elkarteko Lehendakaria naiz.
KITTO Lekeitioko merkataritza sustatzeko eta dinamizatzeko helburu bakarrarekin sortu zen: merkataritza-egiturak biziberritzeko zeregin aktiboa izateko.
34 bazkidek osatzen dugu elkartea, merkataritza eta zerbitzuetako hainbat arlotako profesionalak. Gutariko bakoitza, bere ikasketa profesionalekin eta aldi oro egunean jartzen, bezeroaren beharretara eta joera berrietara egokitzen.
Urtero hainbat ekintza antolatzen dituzue. Aurten ezer berririk azpimarratzeko?
Bai hainbat kanpaina antolatzen ditugu urte osoan zehar: zozketak, bonuak, Kitto Eguna, Gabon argiak, familiak erakartzeko jarduerak, udalarekin eta beste erakunde batzuekin lankidetzak…
Aurten, ekintza berezi bi ere egingo ditugu, Izan Lekeitio 700 ekitaldien baitan antolatu direnak, erakusketa bat eta erdi aroko jaia:

ERAKUSKETA ekainaren 20tik 22ra izango da, Kultur Etxeko Eskolape aretoan.
Barikuan (ekainak 20) 18:00etatik 21:00etara eta larunbatean eta igandean (ekainak 21-22) 11:30etik 15:00etara eta 18:00etatik 21:00etara.
Laurogeigarren hamarkadatik gaur egunera arte Lekeitioko dendak nola aldatu diren erakutsi nahi du Elkarteak. Gure herriko bizitza eta kontsumo ohiturak nola aldatu diren azalarazi eta etorkizunean nolako herria eta merkataritza eredua izan nahi dugun hausnartzera gonbidatzen zaitu KITTO Merkatari Elkarteak.
ERDI AROKO AZOKA
Erdi Aroko azoka urriaren 31tik azaroaren 2ra egingo da herriko plazan eta alde zaharreko beste toki batzuetan: artisautza, elikagai organikoen eta bertoko produktuen salmenta, artisauen tailerrak, musika eta dantza zuzenean, umeentzako jolasak, ipuin kontalariak, titiriteroak, etab. Hori guztia Erdi Aroko estetika batean girotuta. Elkarteko kideak ere ekitaldian parte hartuko dugu stand propioekin.
Zein helbururekin antolatzen dituzue ekintzak?
Antolatutako ekintzen helburu nagusia Lekeitio merkataritza-gune moderno eta merkatuaren egungo joerekin bat datorrena izatea da. Gainera, tokiko bezeroak fidelizatzea, udalerriko merkataritza-eskaintza askotarikoa ezagutzera ematea eta kontsumoa beste herri batzuetara mugitzea saihestea dute helburu. Horrez gain, inguruko udalerrietako bisitariak erakartzea, tokiko merkataritza-sektoreari balioa ematea eta herrian erosteak duen garrantziaz herritarrak kontzientziatzea dira bilatzen den beste helburuetako batzuk. Herrian erosiz herria eraikitzen dutela ohartu behar dira herritarrak.
Herriko merkataritzak herrian lanpostuak sortzen ditu, udalerri bizi bat eraikitzen du eta hurbileko merkataritza-eredu euskaldun bat eskaintzen du. Merkataritzan lana dago, eta beste lanpostu batean aurkituko ez dituzun aspektu positiboak eskaintzen dizkio langileari: udalerrian bertan lan egitea, lanera oinez joateko aukera eta lan egiteko modu ezbedinak, bakoitza bere ordutegiarekin.
Berritzen eta merkatarien ideiak entzuten saiatzen gara. Saltokiak erosteko lekua izateaz gain, topaketarako eta esperientzia positiboetarako guneak ere izatea nahi dugu eta.
Lekitton bizi, herrian erosi, danok irabazi!
