
Ekaina 2025 –
Kooperatiben Mahaia Elkarteko TALENTATU programak eskualdeko 8 eta 11 urte bitarteko ikasleentzako ere ekintzak antolatzen ditu, hala nola, “Eskolen arteko trukaketak“, eskualdea hobeto ezagutu eta beste herrietako ikasleekin harremantzeko aukera ematen diena. Leartibai Fundazioak antolatzen duen ekintza honetan eskualdeko ikastetxeetako LH3 eta LH4ko ikasleek parte hartzen dute.
Ekintza burutu baino lehen baina, ikasleek beraien geletan gai hau jorratzen hasten dira eskualdeko gida turistikoa landuz. Horrela, gazteek beraien herriak hobeto ezagutzeko aukera ematen dieten tokian tokiko leku eta historia (istorioak, kondairak, pertsonaiak…) desberdinak ezagutzen dituzte. Barne-lanketa hori egin ondoren, beste herrietako gazteekin partekatzen dute ikasitakoa, elkar ezagutu eta pertsona berriekin harremanak garatuz.
Ikasturte honetan, 5 ikastetxek parte hartu dute ekintza honetan. Alde batetik, Etxebarriako eskola, Berriatuko eskola eta Ispasterko eskolaren arteko trukaketak egin ziren. Eta bestetik, ekainean, Ondarroako Zaldupe eskolaren eta Lekeitioko Azkue ikastolaren arteko trukaketa egin da. 50 ikasletik gorako taldeak biak ere.
Ikastetxeek ekintzaren balorazio oso positiboa egin dute eta ikasleentzat trukaketa hauek onuragarriak direla azpimarratu dute. Horregatik, Leartibai Fundaziotik TALENTATU programaren baitan, aurrerantzean ere honelako ekintzak antolatzen jarraituko dugu gure eskualdeko belaunaldi berrien heziketa eta garapenean gure aletxoa jarriz.










