
Iraila 2025 –
“De Bizkaia de toda la vida” erakusketa inauguratu da gaur Ispasterren. Bizkaiko Foru Aldundiaren Garraioak, Mugikortasuna eta Turismoa sustatzeko sailaren proposamen kultural eta editoriala da, eta lurraldeko eguneroko bizitza omentzen du, memoriaren, tradizioaren eta nortasunaren bidez.
Ekitaldian izan dira Leire Sáez, Bizkaiko Foru Aldundiko Turismo zuzendaria; Garbiñe Saenz de Buruaga, Ispasterreko alkatea; eta Ainhoa Arrizubieta, Leartibai Fundazioko zuzendaria.
Erakusketa “De Bizkaia de la toda la vida” liburutik sortu da. Jon Uriarte idazlearen testuak eta Tomás Ondarraren ilustrazioak biltzen ditu, Bizkaiko arima islatzen duten paisaia, lanbide eta eszena kostunbristei buruzko ikuspegi artistiko eta hunkigarria eskainiz.
Lea-Artibai memoria kolektiboan
Argitalpenean eta erakusketan, Lea-Artibaik leku nabarmena du, bere itsas eta kontserba tradizioari, baserrien arkitekturari, nekazaritzaren eta arrantzaren indarrari eta ondare natural eta kulturalari erreferentzia eginez. Oroitzapen horrek Lea-Artibai eskualdeak tradizioaren eta modernitatearen arteko oreka mantentzen jakin duela erakusten dute, tokira errotuta baina aldi berean mundura irekita dagoela erakutsiz.
Oroitzapenen ate bihurtzen diren panelak
Erakusketa-proposamena ate bihurtutako panelen bidez aurkezten da, eszena eta oroitzapenen unibertso bat irekitzera gonbidatzen dutenak: landa-eremuko eta itsasoko lanak, haurtzaroko jolasak, erromeriak edo gastronomia.
Ekitaldian, Ispasterreko alkate Garbiñe Saenz de Buruagak erakusketaren garrantzia azpimarratu du:
“Erakusketa hau aukera paregabea da gure Bizkaia hobeto ezagutzeko, eta, beraz, Lea-Artibaiko biztanleak Ispasterretik pasatzera animatzen ditut erakusketa honetaz gozatzeko”.
Bestalde, Aldundiko Turismoko zuzendari Leire Sáezek proposamenaren bokazio ibiltaria nabarmendu du:
“Jon Uriarteren eta Tomas Ondarraren liburuan oinarrituta, Aldundiko Turismo Sailetik lankidetzan aritu gara erakusketa ibiltari hau sortzeko, bizkaitar guztiei gure lurraldeko altxor handiak ezagutzera emateko: gure kultura, gure gastronomia, gure historia… Bizkaiko eskualdeetatik joango gara erakusketa honekin, gure historia eta Uriartek eta Ondarrak ‘De Bizkaia de toda la vida’ liburu arrakastatsu honetan jaso duten altxorra zabalduz.
Informazio praktikoa
Datozen asteetan, erakusketa Ispasterko Iñigo Egiluz plazan egongo da ikusga. Antolatzaileek Bizkaiko sustraietatik bidaia emozional eta estetiko hau zeharkatzera gonbidatzen dituzte eskualdeko bizilagunak eta bisitariak, Bizkaiko nortasun partekatua osatzen jarraitzen duten txoko, oroitzapen eta tradizioak deskubrituz.




