
Iraila 2025 –
Aurten Kooperatiben Nazioarteko Urtea dela aprobetxatuz, Lea-Artibaiko Kooperatiben Mahaia Elkarteak bere ibilbidea ezagutzera eman eta egindako lana aitortzeko jardunaldia antolatu zuen atzo, irailak 30, Markina-Xemeinen kokatuta dagoen Lea-Artibai Berrikuntza Gunean. Kooperatibagintzaz hitz egin eta egunean jartzeko, bertan izan ziren besteak beste, Leire Mugerza, Mondragoneko Kongresuko eta Batzorde Iraunkorreko presidentea; Maite Legarra, Mondragon Korporazioko Talentua Erakartzeko eta Garatzeko teknikaria; Kooperatiben Mahaiko kide diren kooperatibetako bazkideak, Talentatu proiektuan parte hartzen duten ikastetxeak, inguruko garapen agentziak, gizarte-ekonomiako erakundeak eta eskualdeko udaletako ordezkariak.


Kooperatiben Mahaia Elkartearen dinamizazioa eta idazkaritza teknikoa bere gain hartzen dituen Leartibai Fundazioko zuzendari orokorra, Ainhoa Arrizubieta izan zen lehenengo saioa gidatu eta jorratu ziren gaiak mahai gainera ekarri zituena, interkooperazioa, ekarpen soziala eta talentua:
- Leire Mugerza izan zen hitza hartzen lehena “kooperatibismoa ez da bazkide aberatsak egiteko sortutako negozio eredua baizik eta gizarte aberats bat egiteko eredua da” eta helburu horretan interkooperazioa hitz gakoa dela adierazi zuen. Hiru ardatzetan oinarritzen den “Batu, biderkatzeko” mantra aipatu zuen Mugerzak: elkartasuna, negozioak konpartitzea eta ezagutza ekosistema (formakuntza, lana eta ikerketa).
- Iñigo Arrietak, Kooperatiben Mahaiko kidea eta EIKA, S.Coop-eko lehendakariak, kooperatibek egiten duten ekarpen soziala izan zuen hizpide eta jardunaldian aurkeztu ziren datu-ekonomiko esanguratsuak azpimarratu zituen, besteak beste, inbertsioak, salmentak eta eskualdean egiten den erosketa bolumena, “handia da gure kooperatibek inguruan duten eragina, baina hori komunikatzea kostatu egiten zaigu eta horretan badugu zeregina”. Gainera, kooperatibak elkarri laguntzeko egiten duten lana ere goraipatu nahi izan zuen, enpresa gaizki doanean langileak kale gorrian ez uzteko egiten den esfortzuan balioan jarriz.
- Maite Legarra talentuaren inguruan aritu zen, eta Lea-Artibai eta Busturialdea eskualdeetan egiten den TALENTATU egitasmoa talentua lantzeko eredugarria dela adierazi zuen “enpresa-sarea ikasleei gerturatzea oso garrantzitsua da, kooperatibak eredu ezberdina gara eta gu geu izan behar gara gure kooperatiben inguruko kontakizuna zabaldu behar dugunak”. Lea-Artibai eskualdean dagoen ekosistemak (enpresak, erakundeak, hezkuntza zentroak eta guzti hori bideratzeko agente dinamizatzailea) proiektu honen arrakasta ahalbidetzen duela azpimarratu zuen Legarrak, eta eredu hori han eta hemen azaltzen eta zabaltzen dutela ere jakinarazi zuen.



Bigarren saioan, Yanoba Mariezkurrena Leartibai Fundazioko teknikariak gidatuta, Mahaiaren lan-ildo nagusiak aztertu ziren, hala nola kooperatiba berrien sorrera eta Talentatu proiektua:
- EZE BARRIZAR kooperatibako Antxon Aranbarri bazkideak beraien esperientzia kooperatiboa partekatu zuen bertaratuekin. Bere sorreran Kooperatiben Mahaia Elkartearen babesa jaso bait zuen energia berriztagarrien alorrean lan egiten duen EZE BARRIZARek. Egiten duten lana, jasotako laguntza, proiektu esanguratsuak eta balio kooperatiboen garrantziaz mintzatu zen Aranbarri, besteak beste. Ekintzailetzan eredu kooperatiboa asko ikusten ez den arren, negozio-eredu honen aldeko apustua egitera animatuz.
- Iñaki Plaza, Lea Artibai Ikastetxeko irakaslea da eta Agustin Bengoetxea, Kooperatiben Mahaiko kide eta KIDE, S. Coop-eko lehendakaria. TALENTATU egitasmoaren balorazio oso positiboa egin zuten. Enpresa mundua eta ikastetxeak elkarlanean geroz eta hobeto moldatzen direla azpimarratu zuten. Hasieran, egunerokotasunean murgilduta, ekintza honek behar zuen denbora eta dedikazioa bilatzea zaila izan bazen ere, gaur egun erabat integratuta dauden jarduerak direla eta elkarrengandik asko ikasten dutela eta onuragarria dela bi aldeentzat.



Eskertuta eta bihotz-bete atera ziren bertaratuak, 60 lagun inguru. Kooperatibek eta bereziki Kooperatiben Mahaia Elkartea osatzen duten kooperatibek egiten duten lana baloratu, gizarteari egiten dioten ekarpena ezagutu eta datu ekonomikoak aztertuta, kooperatibek beraien inguruko pertsonen ongizatean eta ekonomian egiten duten ekarpena ukaezina da. Ekonomia soziala da.
Kooperatiben Mahaia Elkartea:
22 urte lankidetzan kooperatibagintzaren bidean
2003an sortua, Lea-Artibai eta Busturialdeako zazpi kooperatibaren (Burdinola, Cikautxo, Eika, Fagor Arrasate, Kide, Laboral Kutxa eta Maier) arteko elkarlanari eta konpromisoari esker jaio zen Kooperatiben Mahaia Elkartea. Hasieratik, bere misio nagusia kooperatibagintza sustatzea eta eskualdean sortzen diren kooperatiba-ereduko jarduera ekonomiko berriak babestea izan da.
2008an, Leartibai Fundazioaren patronatuan sartu, eta eskualdeko garapen ekonomikoa bultzatzeko elkarlanari ekin zioten. Urte batzuk beranduago, 2017an, urrats berria eman zuen elkarteak, eraldaketa sozialerako proiektuak garatzen hasteko bideari ekin baitzion. Horrela, urtebete geroago Talentatu proiektua abiatu zuten. Egitasmo honen bidez, eskualdeko ikastetxeekin elkarlanean, talentua sortu, erakarri eta fidelizatzea dute helburu. Horretarako, ikasturtean zehar ekintza ugari antolatzen dituzte ZTIM ikasketak sustatzeko, enpresa-ehuna gazteei hurbiltzeko eta kooperatibagintza eta bere balioak ezagutzera emateko.
Gaur egun, Elkarteak beste urratsa bat gehiago eman, eta Lea-Artibai eskualdean antzematen den berrindustrializazio beharrari erantzuteko estrategia berriak lantzen ari dira. Birsortu Mahaia bezala izendatu duten lan-mahaia honetan, elkarteko kide diren kooperatibetako negozio berrien eta berrikuntza arduradunek parte hartzen dute. Egitasmo honen helburua, oinarri teknologikodun negozio berritzaileak erakartzea, industria-sarea indartzea, elkarlan-sareak birsortzea eta etengabeko berrikuntza eta ekintzailetza ekosistema elikatzea da.
Lan kooperatiboaren emaitzak
20 urteko ibilbidean zehar, Kooperatiben Mahaia Elkarteak eskualdeetan izan duen eragin zuzena aipatzekoa da: 41 kooperatiba berriren sorrera babestu du eta 407.000 euroko dirulaguntzak banatu ditu hasierako inbertsioetarako. Gainera, TALENTATU ekimenaren baitan urtero 3.000 ikasle eta 29 ikastetxerekin elkarlanean dihardu.
Eragin hori datu ekonomikoetan ere islatzen da: 2024an, Elkartea osatzen duten kooperatibek 24,6 milioi euroko inbertsioak egin zituzten, 707,8 milioi euroko salmentak erregistratu eta 13,4 milioiko erosketa bolumena bideratu zuten eskualdeetan. Horrez gain, 3,5 milioiko IPDK dotazioa banatu zuten eta guztira 2.261 lanpostu sortu eta mantendu zituzten Lea-Artibai eta Busturialdean. Gaur egun, Elkarteko kooperatibek 1.862 bazkide dituzte, horietatik 560 emakumeak (%25).