
Abendua 2025 –
Abenduaren hasieran, FISHINN Interreg Atlantic Area proiektuko bazkide diren Irlandako Munster Technological Universityko (MTU) kideak, FLAG erakundeko eta Irlandako arrantza zein akuikultura sektoreko ordezkaritza batek lagunduta, Lea-Artibai bisitatu zuten. Lea-Artibaiko arrantza sektorea, ekosistema eta eskualdea bera, ezagutzea eta elkarlanerako sinergiak bilatzeko asmoz.
FISHINN proiektuaren xedea Ondarroako eta Lekeitioko portuetan, baita Lea-Artibaiko arrantza-kate osoan ere, lehiakortasuna eta berrikuntza-aukerak sustatzea da. Proiektua Europako espazio atlantikoko erakundeekin elkarlanean garatzen ari da; besteak beste, Pôle Mer Bretagne Atlantique eta Technopôle Quimper-Cornouaille (Frantzia), Sines Tecnopolo (Portugal) eta Munster Technological University (Irlanda) dira bazkideak.
Egitasmoaren hirugarren fasean murgilduta, momentu honetan bazkideak proiektuaren baitan egindako field visit edo tokiko bisitetan (Portugal, Frantzia, Irlanda eta Euskadi) identifikatu dituzten praktika onen roadmap-a edota etorkizunean martxan jartzeko plangintza definitzen ari dira.
Testuinguru horretan, MTUko bazkide irlandesek Lea-Artibai eskualdea eta bere arrantza sektorea sakonago ezagutzeko interesa azaldu zuten, eta abenduaren 2tik 4ra gure artean izan ziren. Bi eguneko agenda egituratuari esker, Irlandako ordezkaritzak arrantza sektoreko eragileekin bilera bilateralak egiteko, eskualdeko enpresak gertutik ezagutzeko eta ezagutza-zentro zein arrantza eta akuikultura eskolekin elkartzeko aukera izan zuten.
Etorkizunean ere, FISHINN proiektuan garatutako lankidetza- eta berrikuntza-dinamikei jarraipena emanez, eskualdeko arrantza-sektorearen garapena eta iraunkortasuna sendotzen jarraituko dugu. Bazkideekin ditugun harremanetan eta ezagutza-trukeetan oinarrituta, praktika onak zabaltzen eta ekimen berriak abiarazten jarraituko dugu, Lea-Artibaiko arrantza-katea etengabe hobetzeko dugun konpromisoa berretsiz.






FISHINN Lea-Artibai eskualdean
“INNOVATION ROADMAP FOR LOCAL FISHERIES ECOSYSTEMS RECOVERY” izenpean, Ondarroa, Lekeitio eta Lea-Artibaiko arrantza-hornikuntzaren katean berrikuntza-aukerak sustatzeko asmoz hasi zen proiektu hau.
Interreg Atlantic Area 2021-2027 programak finantzatzen duen proiektu hau “Blue Innovation and Competitiveness” lehentasunaren barruan kokatzen da, eta helburu nagusia tokiko arrantza-ekosistemen eta hornikuntza-kateen lehiakortasuna eta erresilientzia areagotzea da Atlantikoko eremuan, tokiko eragileen lankidetza eta berrikuntza-gaitasunak indartuz.
Informazio gehiago nahi izanez gero ondorengo web orrialdean aurkitu daiteke:
