• Hasiera
  • Taldea
  • Zerbitzuak
    • Enpresa berrien sorrera
    • Enpresei zerbitzuak
    • Behatokia
  • Programak
  • Lea-Artibai
    • Lea-Artibai
    • Enpresa ehuna
    • Eskualde estrategia
  • Bezeroak
  • Kontaktua
  • Berriak
  • Dirulaguntzak
    • Industria & B2B dirulaguntzak
    • Txikizkako merkataritza dirulaguntzak
    • Turismoa dirulaguntzak
    • Ekintzailetza dirulaguntzak
    • Udalen dirulaguntzak
  • es

Leartibai Fundazioak bere 25. urteurreneko ospakizunei hasiera eman dio egoera geopolitiko berriak industrian duen eragina aztertu duen jardunaldi batekin

Martxoa 2026 –

Leartibai Fundazioak bere urteurreneko ospakizunei hasiera eman dio egungo egoera geopolitikoak industrian eta Lea-Artibai eskualdeko enpresa sarean duen eragina aztertu duen jardunaldi batekin. Atzo, martxoaren 12an, Markina-Xemeingo Berrikuntza Gunean eskualdeko eta inguruko enpresa, erakunde eta udaletako ordezkariek bat egin zuten ekitaldian, sektoreak aldaketa globalak tokiko ekonomian nola eragiten duten ulertzeko duen interesa agerian utziz.

Ainhoa Arrizubieta Zabala, Leartibai Fundazioko zuzendariak gidatu zuen jardunaldian, geopolitikaz, industriaren eraldaketaz, talentuaz eta trantsizio teknologiko eta digitalaz hitz egiteko goi mailako gonbidatuak jaso zituen Berrikuntza Guneko auditorioak: Ainara Basurko Urkiri, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko diputatua, Jaione Ganzarain Epelde, Eusko Jaurlaritzako Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordea, Leire Mugerza Garate, Mondragon Taldeko Batzorde Iraunkorreko lehendakaria eta Niko Cuenca Beristain analista ekonomikoak.

Leartibai Fundazioa, eskualdeko jarduera ekonomikoaren funtsezko eragilea

Bere sorreratik, 2001etik, Leartibai Fundazioa eskualdeko ekintzailetzaren, jarduera ekonomikoaren eta lehiakortasunaren funtsezko eragile gisa finkatu da. Lankidetza publiko-pribatua integratzen duen ikuspegi batekin, Fundazioak proiektu estrategikoak bultzatu ditu, ekimen ekintzaile berriei lagundu die eta lurraldean enplegua eta errotzea indartuko dituen hazkunde iraunkorraren aldeko apustua egiten jarraitzen du.

Industriaren pisua beheranzko joeran doan testuinguru honetan, Leartibai Fundazioa, inguruko eragileekin lankidetzan, berrindustrializazio estrategia bat bultzatzen ari da tokiko industria-sarea indartuko duen proiektu estrategikoen garapenarekin. Gainera, erakundeak industria enpresei eraldaketa teknologiko, digital, ekologiko, ingurumeneko eta demografikoan laguntzen die, bai eta negozio ereduen berrikuntzan ere. Ekonomian, ingurumenean eta gizartean oinarritutako industria jasangarriago bat izateko.

Egungo testuinguru geopolitikoa aztertzeko jardunaldia

Jardunaldiari hasiera emateko Niko Cuenca Beristain analista ekonomikoak Europako tentsio komertzialek eta eraldaketa sakonek markatutako agertoki global batean duen posizioari buruzko irakurketa kritikoa eskaini zuen. Testuinguru honetan, Europa labirinto geopolitiko baten galduta ezezik barne-labirinto batetik ere ezin irtenda dagoela azpimarratu zuen Cuencak, ziurgabetasun itsaso batean noraezean. Batasunaren garrantziaz hitz egin zuen, ez bakarrik aspektu komertzialean, eta sorrerako balioetara bueltatzeko beharra aipatu zuen. Egoera kezkagarria bada ere, horri aurre egiteko gure lurraldeak dituen indarguneak azaleratu zituen: hala nola, produktibitatea, kualifikazioa eta I+G gastua; industria dibertsifikatua, enpresa-sare orekatua eta klusterrak; inbertsioak bideratzeko tresnak; eta, errotzea bermatzeko tresnak, besteak beste.

Hitzaldiaren ondoren, Nikok aipatutakoaren haritik sakontzeko aukera egon zen hiru emakume erreferentek osatutako mahainguruan: Ainara Basurko Urkiri, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko diputatua; Jaione Ganzarain Epelde, Eusko Jaurlaritzako Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordea; eta Leire Mugerza Garate, Mondragon Taldeko Batzorde Iraunkorreko lehendakaria.

Hizketaldian zehar, industria alorreko gaurkotasun handieneko gaiak jorratu ziren, hala nola ziurgabetasunez betetako merkatu global batera egokitzea, talentu espezializatuaren beharra, digitalizazioaren eta teknologiaren inpaktua, eta enpresek beren errotzeari eta lehiakortasunari eusteko dituzten erronkak.

Industria babesteko beharra mahaigaineratuz eman zion hasiera saioari Ainara Basurkok. “Industria izan gara, gara eta izango gara” adierazi zuen Ganzarainek, industria hobeago baten alde lanean ari direla azpimarratuz: “Euskadiko Industria Plana da horretarako gidalerroa eta proiektu eraldatzaileak dira industria hobeago baterako bidean behar diren tresnak“.

“Desberdintzea, berritzaileak izatea eta dibertsifikatzea” izan ziren Basurkok erabili zituen hitz gakoak. Ekintzailetza-tasa handiagoa, talentuaren beharra eta enpresen lehiakortasuna bultzatzeko erronkei aurre egiteko Bizkaiko Foru Aldundiak dituen lan-lerro eta estrategiak aipatu zituen, tartean, kuantika, adimen artifiziala eta fiskalitatea lehenesteko apustua, eta STEM talentua erakartzea.

Lau ardatzetan egituratzen du estrategia Mondragon Taldeak, Leire Mugerzak azaldu zuen moduan: gobernantza eta lidergotza kooperatiboan oinarritutako izaera; instituzio publikoekin lankidetzan jauzi teknologiko handia ematen duten etorkizuneko negozio berrien aldeko apustuan; negozio-eredu kooperatiboa komunikatu eta ezagutzera ematea; eta interkooperazioa, nazioartera zabalduz baina izaera kooperatiboa mantenduz.

Bukatzeko, ziurgabetasun egoera honen aurrean “balio erantsia sortzen duen industria berritzaile baten aldeko apustua egiten jarraitu behar dugu, elkarlanean” adierazi zuen Foru Diputatuak. Mugerzak egun bizi dugun egoera honekin erabateko lotura izan dezakeen Arizmendiarrietaren hitzak ekarri zituen gogora “Bizitzaren ezaugarria ez da irautea, berriz jaio eta egokitzea baino“, bideak momentuan egokitu behar direla eta birdefinitzen jakin behar dugula azpimarratu zuen. Ganzarainek aldiz, 3 hitz gakorekin bukatu zuen mahaingurua: “Alerta, azkartasuna eta berrikuntza. Gauzak azkar egiten ari gara eta gero eta azkarrago egin behar ditugu. Berritzen jarraitu behar dugu eta horretarako malgutasuna izan behar dugu” adierazi zuen.

Aldaketei aurre egitea eta, erakunde eta enpresen arteko lankidetza indartzea ezinbestekoa dela argi gelditu zen jardunaldian. Lea-Artibai bezalako eskualde batek, hirigune nagusietako industria eta ekonomia jardueratik aldenduta, tokiko garapen ekonomikoan oinarritutako ekosistema sendo baten aldeko apustu irmoa egin ahal izatea eredugarria dela nabarmendu zuten hizlariek. Hezkuntza, ikerketa, enpresa-sare anitza eta eragile publiko eta pribatu ezberdinen arteko lankidetzari esker, garapen bidean dagoen eskualdea baita Lea-Artibai.

Bukatzeko, erakunde publikoetatik egiten diren politika, estrategia eta proiektuak lurraldeko eremu guztietara zabaltzen Leartibai Fundazioa bezalako garapen agentziek egiten duten lana goraipatu zuen Basurkok, Fundazioak Lea-Artibai eskualdeko garapen ekonomikoa egituratzen duen eragile gisa duen zeregina balioan jarriz. 25 urteko ibilbidean zehar, enpresen, erakundeen eta eragileen arteko topagune gisa finkatu da Leartibai Fundazioa, lankidetza erraztuz eta hausnarketa partekaturako espazioak sortuz. Eskaintzen duen laguntza, bultzada eta konexio lana funtsezkoa da Lea-Artibai bateratu batek egungo eta etorkizuneko erronken aurrean aurrera egiten jarraitu dezan, bere enpresa sarea indartuz eta eskualderako aukera berriak ziurtatuz.

Jardunaldiari amaiera emateko, Arrizubietak hartu zuen hitza, bertaratuei eskerrak eman eta azken galdera bat planteatuz, “Eta gure eskualdetik zer egin dezakegu?”. Bere txikitasunetik, lurralde honek diferentziak markatu ditzakela aldarrikatu zuen:

“Eskualde gutxi egongo dira; gurea bezain kohesionatuak, erakunde publiko eta pribatuak elkarlanean eskualde-estrategia bat garatzen dutenak; hain inplikatuak, eskualdean industria galera aurreikusita, laguntza eskatu eta momentuan mobilizatu direnak enpresekin elkarlanean berrindustrializazio proiektu bat garatzeko; hain eskuzabalak, ikuspegi politiko ezberdinak alde batera utzi eta hiru-hilabetero biltzen den alkateen foroan eskualdea lehenesten dutenak; eta hain identitate indartsua dutenak, industria eta geopolitikan oinarritutako jardunaldi arrakastatsu bat euskara hutsean antolatzeko gai direnak, aforoa betez”.

Aurrekoa
Gurekin hitzegitea gustatuko litzaizuke?
Xemein Etorbidea, 12-A
Lea-Artibai Berrikuntza Gunea
Markina Xemein (BIZKAIA)
946169172
kaixo@leartibaifundazioa.eus
© Leartibai Fundazioa 2026 | All Rights Reserved