• Hasiera
  • Taldea
  • Zerbitzuak
    • Enpresa berrien sorrera
    • Enpresei zerbitzuak
    • Behatokia
  • Programak
  • Lea-Artibai
    • Lea-Artibai
    • Enpresa ehuna
    • Eskualde estrategia
  • Bezeroak
  • Kontaktua
  • Berriak
  • Dirulaguntzak
    • Industria & B2B dirulaguntzak
    • Txikizkako merkataritza dirulaguntzak
    • Turismoa dirulaguntzak
    • Ekintzailetza dirulaguntzak
    • Udalen dirulaguntzak
  • es

TALENTATU proiektuak hezkuntza eta enpresa munduaren arteko lotura indartzen jarraitzen du

Apirila 2026

TALENTATU proiektua 2017an abiatu zuen Kooperatiben Mahaia Elkarteak, Leartibai Fundazioaren lankidetzarekin, Lea-Artibaiko ikasleak, enpresak eta erakundeak elkartzeko helburuarekin. Ikasturtez ikasturte sendotuz doan ekimen honek 2025-2026 ikasturtea ere jarduera-agenda oparoarekin jarraitzen du, tokiko talentua sustatzeko eta ZTIM bokazioak indartzeko helburua berretsiz, eta eskualdeko enpresak, ikasleak eta irakasleak inplikatuz.

Ikastetxeak enpresetara hurbiltzen

TALENTATU proiektuaren ardatz nagusietako bat ikasleen eskualdeko kooperatiba eta enpresetara egiten dituzten bisitak dira. Jarduera horien bidez, ikasleek enpresen funtzionamendua gertutik eta modu praktikoan ezagutzeko aukera dute. Ikasturte honetan, DBH, Batxilergo eta Lanbide Heziketako 350 ikasle baino gehiagok parte hartu dute bisita hauetan.

Ekimenetan honako ikastetxeek hartu dute parte: Azkue, Lea Artibai Ikastetxea, Markina BHI, Lekeitio BHI, Arrantza Eskola, BeraKruz, Ondarroa BHI, Peñascal eta Zubi Zahar. Ikasleek, berriz, eskualdeko enpresa erreferenteak bisitatu dituzte, besteak beste: IGO, Itsaskorda, Burdinola, Cikautxo, Kautenik, Fagor Arrasate, Kide, Nemak, Erabil, Gasca, Eika eta Oizpe Egoitza.

Bisita hauek aukera paregabea dira tokiko enpresa-sarea ezagutzeko eta inguruan dauden lan-aukerei ikusgarritasuna emateko, gazteen errotzea indartuz.

“Egun bat enpresan”, orientaziorako giltzarri

TALENTATUren baitan garatzen den beste ekimen garrantzitsu bat “Egun bat enpresan” jarduera da, Lea-Artibaiko eskualdeko 2. Batxilergoko ikasleei zuzendua. Ekimen honen bidez, ikasleek egun oso bat ematen dute enpresa batean, profesionalekin batera, lanbide eta formakuntza-ibilbide desberdinak zuzenean ezagutzeko aukera dutelarik.

Ikasturte honetan, 12 ikasle izan dira Kide, Burdinola, Cikautxo, Fagor, Barrizar, Eika eta IGO enpresetan egonaldiak egin dituztenak. Ekintza honetan parte hartzen duten ikasleek arlo zientifiko eta teknologikoekin lotutakoak interes anitzak dituzte, hala nola Ingeniaritza Mekanikoa, Aeronautikoa, Elektronikoa, Informatikoa, Mekatronika, Automozioa, Ingeniaritza Zibila, Kimika, Fisika, Energia Berriztagarriak, baita Arkitektura, Elektrizitatea, Soldadura, Arotzeria edota teknologiarekin lotutako gradu eta goi-mailako zikloak ere.

Jardueraren helburua ikasketen azken txanpan dauden ikasleei orientazioa eta laguntza eskaintzea da, zalantzak argitzeko eta etorkizuneko erabakiak modu kontzienteagoan hartzen laguntzeko.

ZTIM bokazioak sustatzen

TALENTATU proiektuaren beste zutabe nagusietako bat da bokazio zientifiko-teknologikoak gaztetatik sustatzea. Helburu horrekin, eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) ikertzaileen lankidetzarekin, DBHko 1. mailako ikasleei zuzendutako ZTIM tailerrak egin dira.

Tailerrak hiru saiotan banatzen dira: sarrera-saio orokor bat, eta ondoren zientzietan nahiz matematiketan eta ingeniaritzan oinarritutako bi saio espezifiko. Edizio honetan, 200 ikasle baino gehiagok hartu dute parte Azkue, BeraKruz, Markina BHI, Lekeitio BHI, Zubi Zahar eta Ondarroa BHI ikastetxeetatik.

Eskualde mailan eragin handia

Lea-Artibai eskualdeko 18 ikastetxek eta 1.300 ikasle baino gehiagok hartzen dute parte TALENTATU proiektuan. Hau guztia, Burdinola, Cikautxo, Eika, Fagor Arrasate, Kide, Laboral Kutxa (Lea-Artibaikoak) eta Maier (Busturialdekoa) kooperatibek osatutako Kooperatiben Mahaia Elkartearen konpromisoari esker da, 2017an eskualdearentzat aurrerapauso bat eman eta eraldaketa sozialeko TALENTATU proiektuan elkarrekin lan egitea erabaki zutelako.

Gainera, TALENTATUren barruko zenbait ekimen Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saileko Bizkaia Gazteak Lea-Artibai 2025 ekimenaren baitan kokatzen dira.

TALENTATU egitasmoak hezkuntza eta lan munduaren arteko zubia indartzen jarraitzen du, tokiko talentua sustatuz eta Lea-Artibaiko garapenari ekarpen sendoa eginez.

Aurrekoa
Gurekin hitzegitea gustatuko litzaizuke?
Xemein Etorbidea, 12-A
Lea-Artibai Berrikuntza Gunea
Markina Xemein (BIZKAIA)
946169172
kaixo@leartibaifundazioa.eus
© Leartibai Fundazioa 2026 | All Rights Reserved