
Maiatza 2026
Maiatzean Zientzia eta Teknologiaren Egunaren edizio berri bat ospatu da Lea-Artibai eta Busturialdea eskualdeetan. TALENTATU proiektuaren arruan, Lea-Artibaiko Kooperatiben Mahaia Elkarteak – Burdinolak, Cikautxok, Eikak, Fagor Arrasatek, Kidek, Laboral Kutxak eta Maierrek osatua – bi jardunaldi antolatu ditu, Leartibai Fundazioarekin lankidetzan eta Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Sailaren babesarekin.
Zientziarekin eta teknologiarekin hitzordua Gernikan eta Markina-Xemeinen
Maiatzaren 15ean, Busturialdeko DBHko 4. mailako 350 ikasle baino gehiago Gernika-Lumoko Astra eraikinean bildu ziren jardunaldia ospatzeko. Bestalde, maiatzaren 29an, Markina-Xemeingo Atxondo kiroldegian, Lehen Hezkuntzako 6. mailako 250 ikasle inguruk parte hartu zuten Lea-Artibaiko topaketan.
Bi ekintzetan, 13 txokotan banatuta, ikasleek zientziaren eta teknologiaren hainbat arlo praktikoki esperimentatzeko aukera izan zuten. Kooperatiben Mahaia Elkarteko enpresek beraien jarduera ezagutarazteko espazio propioak izan zituzten, eta inguruko beste erakunde batzuk dibulgazio dinamikekin osatu zuten egitaraua.









Txoko ezberdinetan, ikasleek materialen propietateen inguruan ikasteko aukera izan zuten, hala nola forma-memoria, laborategien muntaketan eta konfigurazioan parte hartu ahal izan zuten, errealitate birtualeko betaurrekoekin esperimentatu ahal izan zuten, bideojokoen programazioan lehen pausuak eman zituzten, edo kamera termografikoekin neurketak egin ahal izan zituzten. Gainera, etorkizuneko autoari lotutako piezen inguruan ikasi zuten, PRIMUS ROBOTICS proiektuaren humanoidea ezagutu zuten edo melanomaren ikerketa bezalako esparruetara hurbildu ziren.
Beste proposamen batzuen artean, honako esperientzia hauek ere izan ziren jardunaldian: marrubien DNA erauzketa, material polimerikoekin esperimentuak egitea, akuikulturako espezieak eta teknologiak ezagutzea, zuntz optiko bidezko komunikazioak, lurzoruaren kalitatearen analisia, robotika, matematika (aljebra eta geometria), elektronika eta fisika aplikatua (Descartesen buzoaren esperimentua egin zuten, presioaren eta flotagarritasunaren arteko harremana ulertzeko).












Ekimenean Burdinola, Cikautxo, Fagor Arrasate, Eika, Kide eta Maier enpresek parte hartu zuten, baita Leartiker, Azti eta Neiker zentro teknologikoek ere. Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) hainbat sailetako ordezkariak ere bertan izan ziren, zehazki, Medikuntzak eta Erizaintza, Matematika eta Telekomunikazio Ingeniaritza, baita Doplay enpresa ere.
2019ko lehen ediziotik, Zientziaren eta Teknologiaren Eguna funtsezko hitzordu gisa finkatu da ikasleei beren inguruko enpresen eta erakundeen errealitatea hurbiltzeko, bokazio zientifikoak eta teknologikoak modu dinamikoan eta parte hartzailean sustatuz.
2019an ospatu zen Zientzia eta Teknologia Egunaren lehen edizioa, eta, urtez urte, ezinbesteko hitzordu bilakatu da, ikasleei beren inguruko enpresen eta erakundeen errealitatea hurbiltzeko, bokazio zientifikoak eta teknologikoak modu dinamikoan eta parte hartzailean sustatuz.
Oso balorazio positiboa
Jardueraren balorazioa oso positiboa izan da, bai irakasleen aldetik, bai ikasleen aldetik. Irakasleek bereziki nabarmendu dute askotariko manipulazio-jarduerak egiteko aukera paregabea dela (ikasgelan hori egitea ezinezkoa baita), bai eta enpresa-ehunarekin zuzenean harremantzako ere.
“Ikasleek asko gozatzen dute ariketa praktikoak egiten. Gainera, gure inguruko enpresak ezagutzeko eta eskualdeko beste ikasle batzuekin harremantzeko aukera dute. Oso interesgarria da beraientzat”, adierazi zuen Ispasterreko eskolako irakasle batek.
Bestalde, parte-hartzaileek esperientzia dibertigarri eta aberasgarritzat jo dute, eta beste gazte batzuk animatu dituzte horrelako ekimenekin bat egitera, zientzia eta teknologia beren inguruneari hurbiletik eta modu aplikatuan ikasteko aukera ematen duelako.


