I 2020ko otsaila I
Ekonomia Sustatzeko Sailak eta Beaz-ek antolatutako Bizkaia Enpresa topaketaren bederatzigarren edizioa BECen ospatu zen otsailaren 20an. Lankidetza ekosistemak eta enpresa sareak dituen erronkak jorratzeaz gain, erakundeen arteko lankidetza esperientziak ezagutzeko aukera izan zuten jardunaldian parte hartu zuten 500 enpresak.
Beaz-eko Zuzendari Nagusia den Olatz Gotia lekeitiarrarekin batera, Unai Rementeria, Ahaldun Nagusia eta Ainara Basurko, Ekonomia Sustatzeko foru diputatuak parte hartu zuten ekitaldian. Guztiak bat etorri ziren lankidetzaren beharra azpimarratzerakoan. “Bidea, erronkak, aukerak, egiteko modua… partekatu behar ditugu, eta elkarrekin jarraitu behar dugu“, baieztatu zuen Rementeriak eta “modu bateratuan jorratu behar ditugu erronkak” azpimarratu zuen Basurkok.
Ekitaldia ON Bizkaia 2020 Sarien banaketaren lekuko ere izan zen. Horrela, Beaz-etik 2019an babestu ziren 512 proiektuetatik, jarduera ekonomikoa eta enplegua sortzen laguntzeko irizpideei jarraituz, zazpi proiektuk aipamen berezia jaso zuten: Guivisa, Zunibal, Tellmewow, SSI Taldea, Comalaetxea, CMZ Seuner fabricados eta Micolet.
Azaro Fundazioko zuzendaria, Ainhoa Arrizubieta ere bertan izan zen eta han jasotako mezua, otsailaren 21ean Lea-Artibai Berrikuntza Gunera Ainara Basurkok egin zuen bisitan berretsi zuen mezu berberarekin egin zuen topo. Horregatik, lerro hauetan Azaro Fundazioak ere Lea-Artibaiko eragile, instituzio eta enpresei eskua luzatu nahi dio elkarlanerako deia eginez: bideak, erronkak, aukera, egiteko moduak… partekatzea da etorkizunera begira lehiakorragoak izateko eredua.
Saria jaso zutenak erakundeetako ordezkariekin. Argazkia: BFA