Martxoa 2021
Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzeko, martxoaren 8an Azaro Fundazioa eta Leartibai Garapen Agentziak, Lea-Artibai eskualdeko Emakume Ekintzaileen V. Topaketa antolatu zuten.
Urteroko hitzordu honen bitartez, emakumeak eta ekintzailetza fusionatuz, bi erakundeek eskualdeko emakume ekintzaileen arteko sinergiak sortu eta elkarren arteko harremanak bultzatzera bideratzen duten egitasmoa da hau. Aurtengoan, baina, pandemia dela eta orain arteko kafe-tertulia formatua egokitu behar izan da eta saio telematikoa izan zen.
Bosgarren edizio honetan ZeU Komunikazioa enpresako Leire Akarregi Txurruka coach-ak bideratu zuen saioa, normaltasun berrira moldatzeko emozioen kudeaketak duen garrantziaz aritzeko. “Aldaketek orokorrean gizakiongan ezinegona sortzen digute” komentatuz hasi zuen tertulia Akarregik, baina aldi berean, aldaketak aukera izan daitezkeela edo aukera bihurtu ditzakegula azpimarratu zuen. Eta abiapuntu hori hartuta, dinamika eta ariketa ezberdinen bidez, partehartzaileak emozioen kudeaketarako proposatu zituen bost gakoren inguruan hausnartzera gonbidatu zituen.
Profil ezberdinetako 12 emakume ekintzaile elkartu ziren topaketan, hala nola, diseinatzaile grafikoak, coach-ak, aseguru aholkularia, hortz protesista, komunikazio enpresa baten jabea, estetizista, argazkilaria, dietista, lora denda baten jabea, turismo bulegoko arduraduna,…
Saio dinamikoa izan zen eta partehartzaileak zein antolatzaileak saioaren balorazio oso positiboa egin zuten.
Datorren urtean, aurrez aurre, seigarren edizioa antolatzeko irrikan gaude.