Martxoa 2021
COHES3ION Interreg Europe proiektuaren lehenengo faseari bukaera emateko online jardunaldi bat ospatuko da ostegun honetan, martxoak 25, non orain arte lortutako emaitzak eta ondorioak aurkeztuko diren.
2019ko urrian abian jarri eta hiru urteko iraupena duen proiektu honek bazkideen lurraldeetan espezializazio adimentsuen estrategiak definitu eta inplementatzeko orduan lurraldetasuna barneratzea du helburu. BEAZek – Bizkaiko Foru Aldundiaren sozietate publikoa – lideratzen du eta 8 lurraldetako 10 bazkide ditu: Kalabria, Estokolmo, Gales, Irlanda, Ruhr, Nord-Vest Errumania, Varsovia eta Bizkaia. Horien artean, Azaro Fundazioa eta Orkestra.
Proiektuak ibilbidea hasi zuenetik, BEAZ erakundea eta bazkideak elkarlanean aritu dira, lurralde ezberdinetara bisitaldiak eta bazkide-bilerak eginez. Azken urtean, pandemiak sortutako egoeraren ondorioz, era birtualean egin dituzten arren, zortzi lurraldeetako praktika onak ezagutzeko aukera izan dute. Horrela, lurralde bakoitzean lehentasuna duten sektoreen identifikazio eta sustapenaren inguruko ezagutzak jasotzeaz gain, horien sustapenean inplikatuta dauden sareak, dinamikak eta eragileak ere antzeman dituzte.
Beraz, osteguneko jardunaldi birtualak ekintza horietan eskuratutako emaitzak eta lortutako ondorioak partekatzea izango du helburu. Bertan, Miren Salazarrek (BEAZ) orain arte garatutako lanaren aurkezpena egingo du, Cohes3ion proiektuaren politiken inguruko gomendioak emango dira eta S3 proiektu operatiboan lurraldetasuna eransteari buruz ere hitz egingo da, besteak beste. Horrekin, Eskualde Garapenerako Europako Funtsak (EGEF) finantzatutako Cohes3ion proiektuaren lehenengo fasea bukatutzat emango dute.