Ekaina 2021
Azaro Fundazioak dinamizatzen duen Kooperatiben Mahaia Elkartearen ekaineko bileran, hiru proiektu berriri 9.000 €-ko babes ekonomikoa ematea erabaki da. Laguntza hori jasoko duten bi kooperatiba Busturialdean kokatzen dira. Horietako baten jarduera ekitaldien antolamendu eta koordinaziora bideraturik egongo da eta bestearena, etxez etxeko zerbitzuak eskaintzera. Lea-Artibai eskualdean kokatzen den hirugarren kooperatibak, berriz, produktu eta zerbitzu digitalen garapena du ardatz.
Kooperatiben Mahai Elkartea Lea-Artibai eskualdeko eta Busturialdeko kooperatibek osatzen dute (Burdinola, Cikautxo, Eika, Fagor Arrasate, Kide, Laboral Kutxa eta Maier), eta beraien inplikazioa eta babesa oso garrantzitsua da kooperatiba berrien sorreran. Horren adibide dira elkartea sortu zenetik laguntza jaso duten 36 kooperatiba.
Elkartearen helburu nagusia kooperatiba berriak sustatzea izan da betidanik, baina, 2018. urtean, elkarteko kideek beraien eskualdearekiko zuten konpromisoan haratago joatea erabaki zuten, eta, geroztik, Azaro Fundazioarekin elkarlanean, eraldaketa sozialerako beste proiektu batzuk ere lantzen ari dira.