Azaroa 2021
Mondragon City Challenge lehiaketaren lehen edizioko irabazleak azaroaren 19an ezagutu ziren, Arrasateko Amaia antzokian ospatutako amaierako ekitaldian. 6 talde finalistek beraien proiektuak defendatu behar izan zituzten epaimahai profesionalaren aurrean: Arrasateko Udala, CICOPA (Alianza Cooperativa Internacional), Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, MONDRAGON Korporazioa, Saiolan eta Azaro Fundazioa, besteak beste.
16-18 urteko kategorian AG4 proiektua (Gipuzkoa) izan zen irabazlea, Tolosaldeko nekazarien produktuak herritarren eskura jartzea planteatzen duen enpresa-proiektuarekin. 19-24 urtekoen kategorian, berriz, saria LUP proiektuak (Gipuzkoa eta Araba) eraman zuen, ikusmen urriko pertsonentzako lupa adimentsuaren proposamenarekin.
Sariei dagokienez, kategoria gazteeneko irabazleek Europara bidaia bat jaso zuten eta beste kategoriakoek, aldiz, Hego Koreara. Gainera, finalista izan ez direnen artean aukeratutako proiektu originalenak ere sari bat izan zuen. Kasu honetan, M&M izan zen proiektu berritzaileena, eta 800 euro eskuratu zituen.
Guztira 84 talde eta 279 ikaslek parte hartu dute lehiaketan. Jatorriari dagokionez, bertakoez gain, Espainia, Txile, Kolonbia, Hego Korea, AEB eta Mexikoko gazteak lehiatu dira, besteak beste.
Mondragon City Challenge Ekintzailetza Kooperatiboko Nazioarteko Lehenengo lehiaketa da, eta lankidetzako ekintzailetza sustatzea eta gazteei eredu kooperatiboaren balioak hurbiltzea du helburu, eredu horretan oinarritutako enpresa-proiektuak garatuz. Lehiaketa mundu osoko batxilergoko, heziketa zikloetako eta unibertsitateko ikasleei zuzenduta egon da, eta bi kategoria bereizi dira: 16-18 urtekoak eta 19-24 urtekoak.
Zorionak bai irabazleei bai parte-hartzaile guztiei proiektuen garapenean egindako lanagatik!