Urtarrila 2022
Azaro Fundazioa Lea-Artibaiko enpresekin banakako bilerak burutzen ari da. Bilera horien helburua da sektore ezberdinetako enpresekin batzea, 2021eko nondik norakoak ezagutzeko eta 2022rako zer erronka eta behar dituzten identifikatzeko.
Horrela, eskualdeko enpresen premiak ezagututa, Azaro Fundazioak urtean zehar antolatzen dituen programak zehazten ditu, haien beharrekin eta aukerekin bat datozen ekintzak sortuz, betiere eskualdeko garapen ekonomikoa xede nagusitzat izanik. Biltzar horietan hainbat gai jorratzen dituzte, hala nola enpresen egoera ekonomikoa, bezeroen eta hornitzaileen egoera, barne-prozesuen egoera, digitalizazioa, nazioartekotzea eta berrikuntza.
Aurten, banakako bilerak urtarrila eta otsaila bitartean egingo dira eta 30 bat enpresa elkarrizketatuko dira: industriako ETEak, industriari lotutako zerbitzuak, handizkako merkataritza eta garraio eta eraikuntzako enpresak, batez ere. Gainera, saio horiek enpresen egoera ez ezik, sektoreen egoera ere ezagutzen laguntzen diete Azarokoei, ondoren, lanean egiten dituzten ahaleginak sinergia-gai horietara bideratzeko.