Iraila 2022
Uda amaitu ondoren, garrantzitsua da Lea-Artibaiko jardueren eskaintza azpimarratzea, turismoaren joerari eusteko, txangozaletasuna sustatzeko eta eguzki- eta hondartza-turismoaz haratago eskaintzen ditugun aukerak erakusteko. Horregatik, sektorearekin lankidetzan, sustapen-jarduerak eta ekitaldiak konbinatu egiten dira turistari proposamen ezberdinak helarazteko.
Komunikazio eta sustapen arloan, irailean zehar GR38 (Ardoaren eta arrainaren Ibilbidea) kanpaina egiten ari gara Bilboko tranbian eta sare sozialetan. Ibilbide hori Oionen hasi (Arabako Errioxa) eta Bizkaiko portuetarantz doa, eta hiru adarren bidez egituratzen du gure eskualdea. Adar horiek Lekeitioko eta Ondarroako portuetan amaitzen dira. Ibilbide hori egokia da publiko guztientzat eta udalerri gehienetatik igarotzen da. Horrela, ibilbidea erreferentziatzat hartuta, plan ugari egin daitezke, bai egun bat pasatzeko, bai asteburu batzuetarako.
Gainera, urrian zehar, familia-turismoaren gure eskaintza sustatzeko influencer bat izango dugu gurekin. Gure jarduera-enpresa, ostatu eta jatetxeetako askok ahalegina egin dute turismo-segmentu horretara egokitzeko, familiei zuzendutako zerbitzuak eskainiz. Udazkena garai egokia da eskualdean egin daitezkeen planak ezagutarazteko.
Ekitaldiei dagokienez, udazkeneko egutegiak bi aukera oso interesgarri biltzen ditu:
- Urriko Azoka Nagusia, urriaren 8an Markina-Xemeinen, Bizkaian erreferentziazkoa den nekazaritza-azoketako bat da, eta gure nekazaritza- eta abeltzaintza-tradizioa eta gure produktuen kalitatea ezagutzeko aukera paregabea. Turistak benetakotasuna bilatzen badu, azokan gure baratze eta ustiategietako onena ikusi, dastatu eta erosi ahal izango du.
- Lea Artibai 2022 Fest, urriaren 8-9 eta 15-16ko asteburuetan ospatuko dena. Aurten, bisitaldiak eta jarduera turistikoak bertako produktuen dastaketekin uztartzen dituen turismo-proposamen horren bosgarren edizio ospatuko dugu. Helburua eskualdeko baliabideei balioa ematea eta gure produktu gastronomikoak ezagutaraztea da, ohikotasunez eskaintzen ez diren jardueren konbinazioaren bidez.
Jarduera horiek guztiak eskualdez gaindiko turismo-estrategietan txertatuta daude, eta Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa dute, laguntza-programen bidez.