Urria 2022
Urriaren bigarren eta hirugarren asteburuan, Lea Artibai Fest ekimenaren bosgarren edizioa ospatu zen Leartibai Fundazioaren eskutik, eskualdeko baliabideei balioa emateko eta bertako produktu gastronomikoak ezagutarazteko.
Horrela, bisitaldiak eta jarduera turistikoak bertako produktuen dastaketekin uztartzen dituen turismo-proposamen horren baitan, hainbat ekintza burutu ziren urriaren 8, 9, 15 eta 16an eskualdeko enpresekin elkarlanean. Ibilbide gidatuak, argazki rallya, bisita gidatuak, sormen tailerra, dastaketak… egiteko aukera izan zuten ekimenean parte hartu zuten bisitariek. Gure eskualdeko hainbat gune interesgarri bisitatzeaz gain, bertako janariak eta edariak dastatu zituzten eta tokiko ondarearen inguruko ezagutzak ere jaso zituzten.
Guztira 149 pertsona bertaratu ziren antolatutako jardueretara: eskualdekoak eta bizkaitarrak (Bilbo, Erandio, Leioa, Portugalete, Gernika) izan ziren horietako batzuk, Gasteiz eta Treviño inguruko bisitariak ere hurbildu ziren, baita Normandiakoak ere. Parte-hartzaile gehienak bikotean edo familian etorri ziren.
Proposamena guztiz arrakastatsua izan zen hasieratik, ekimena argitaratu eta gutxira jarduera guztien edukiera bete baitzen. Halaber, bisitarien artean interes handiena sortu zuten ekintzak Ogellara egindako ibilbide geologikoa eta Kostabi nekazaritzako ustiategira egindako bisita izan ziren.
Antolatzaileen esanetan parte-hartzaileek oso positibotzat jo zuten ekimen hau. Eskaintzaren aniztasuna eta ohikotasunez egiten ez diren jardueren proposamena nabarmendu zuten. Bisitarietako batzuek ez zuten Lea-Artibai ezagutzen eta informazio gehigarria ere eskatu zuten.
Fundazioak eskualdeko enpresen partaidetza azpimarratu nahi du, eta eskerrak eman nahi dizkie bestelako proposamen bat eskaintzeko jarrera onagatik. Gainera, ekimenean burututako jarduera batzuk pilotutzat hartuko dituzte, haien bideragarritasuna aztertzeko eta ohiko moduan eskaini ahal izateko.
Lea Artibai Fest eskualdez gaindiko turismo-estrategietan txertatuta dago eta Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak diruz laguntzen dute.