Otsaila 2023
Leartibai Fundazioak Autonomoen Lege berriaren inguruko prestakuntza-saio bat eskaini zuen, pasa den urtarrilaren 30ean, Langile Autonomoen Araubide Berezian kotizatzen duten eskualdeko langileei zuzenduta.
2022ko abuztuan Autonomoen Lege berria onartu zen Diputatuen Kongresuan eta horren inguruko berritasun eta aldaketen berri ematea izan zuen helburu prestakuntzak. PKF ATTEST enpresako Eunate Llona Aurrekoetxeak gidatu zuen saioa. Eunatek 15 urte baino gehiagoko esperientzia du ekintzaileentzako, mikroETEentzako eta ETEentzako aholkularitza- eta prestakuntza-zerbitzuetan.
Prestakuntza-saioan Lea-Artibai eskualdeko 30 langile autonomo inguruk parte hartu zuten, eta bertatik bertara ezagutu zituzten 2023tik aurrera Langile Autonomoen Erregimen Berezian (LAAB) kotizazioari dagokionez jarraitu beharko dituzten jarraibide berriak.
Horrela, urteko diru-sarrera garbi aurreikusgarriak behin-behinean nola kalkulatu ikasi zuten, ondoren, horren arabera, errendimendu-tauletan dagokien kotizazio-oinarria eta kuota aukeratu ahal izateko. Halaber, behin-behineko oinarria eta, beraz, kuota doitzeko modua sakondu zuten, errendimenduak aldatzen badira. Era berean, ikastaroa eman zuen pertsonak GSDOri lortutako datuak jakinarazteko dauden bideak eta epeak erakutsi zizkien, hau da, lortutako etekinak, kotizazio-oinarria eta behin-behineko kuota.
Azkenik, parte-hartzaileek kotizazio-sistema berriko alten eta bajen inguruko ezagutzak eskuratu zituzten: aurkezteko epeak, datu-aldaketak, ondorioak, araudia eta altari lotutako betebehar eta aukera berriak.
Parte-hartzaileak oso pozik agertu ziren jasotako prestakuntzarekin, baina ez, ordea, Autonomoen Lege berriak dakartzan berrikuntzekin. Bere hitzetan, jarraibide berriek kotizazio-prozesurako lana ez errazteaz gain, are gehiago zailtzen dute. Gaur egun bizi ditugun ziurgabetasun-garaiak kontuan hartuta, oso zaila ikusten dute urteko diru-sarrera garbiak kuantifikatzea eta erretiroan izango duten kotizazio-oinarria kalkulatzea, zenbateko hori zuzenean baitago urtero lortutako etekinen mende.