Martxoa 2023
Lea-Artibaiko Kooperatiben Mahaia Elkartea osatzen duten kooperatibek Berdintasun Batzorde bat eratu dute, egun kooperatiba bakoitzean berdintasunaren inguruan egiten dutena elkarrekin konpartitu eta elkarlanean berdintasunari lotutako ekintza ezberdinak gauzatzeko asmoz. Batzordea kooperatiba bakoitzeko ordezkariek eta Mahai horren dinamizazio lanetan aritzen den Leartibai Fundazioko ordezkari batek osatzen dute.
Egitasmo honen baitan, elkartea osatzen duten Burdinola, Cikautxo, Eika, Fagor Arrasate, Kide, Maier eta Laboral Kutxa kooperatibek beraien berdintasun planak partekatuko dituzte, praktika onak eta ezagutzak elkar banatzeko asmoz. Halaber, urtean zehar ekintza bateratu bat diseinatzeko konpromisoa ere hartu du batzordeak.
Egitasmo honen bitartez berdintasunarekin eta emakumea ahalduntzeko ekimenekin bat egingo du Kooperatiben Mahaia Elkarteak, talde-lanean, bere inguruko eraldaketa sozialari egiten dion ekarpena areagotuz.
Emakumea eta neska zientzia eta teknologian
2017an mahai honek abian jarri zuen TALENTATU proiektuaren baitan, hainbat ekimen egin dira emakumeak eta neskak zientzian eta teknologian duten presentzia eta eragina indartzeko.
Alde batetik, 2019tik, Lea-Artibai eta Busturialdeako ikastetxeekin elkarlanean, otsailaren 11n ospatzen den Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna eta martxoaren 8an ospatzen den Emakumearen Nazioarteko Egunari lotuta, inguruko emakume zientzialariak ezagutzera emateko ekintzak abiarazi dira. Adibidez, bideo-elkarrizketak, hitzaldiak eta emakume zientzialarien posterrak, aurten Lea-Artibai eskualdeko merkataritza establezimendu ezberdinetan jarri dituztenak.
Era berean, emakumeen presentzia alor teknikoetan sustatzeko, 2020an bideo bat ere kaleratu zen gazteentzako eredugarri izan daitezkeen profil teknikodun elkarteko kide diren kooperatibetako emakumeen esperientzia ezagutzera emateko.
Lea-Artibaiko Kooperatiben Mahaia Elkartea
Burdinola, Cikautxo, Eika, Fagor Arrasate, Kide eta Maier kooperatiba industrialez gain, Laboral Kutxa ere Kooperatiben Mahaiko kide da.
2003an, erakunde horiek indarrak batzea erabaki zuten, talde-lanari ekiteko helburuarekin, eta 2008an Kooperatiben Mahaia Elkartea sortu zuten, Leartibai Fundazioaren laguntzarekin, lankidetza-mahai hori dinamizatzeko.
Urte hauetan zehar, Mahaiak 63 kooperatiba berri sortzen lagundu du Lea-Artibai, Busturialdea, Durangaldea eta Debabarrena eskualdeetan; horietatik 40k ia 400.000 euroko zuzkidura ekonomikoa jaso dute hasierako inbertsioak finantzatzeko.
Hala ere, kooperatiba berriak sustatzeaz gain, 2017an Mahaiak urrats berri bat ematea erabaki zuen; ordura arte egindako ekarpena areagotu eta TALENTATU proiektua abiarazi zuen, Lea-Artibai eta Busturialdea eskualdeen eraldaketa soziala bultzatzeko asmoz. Egitasmo horren ardatz nagusia eskualdeetan talentua sortzea, erakartzea eta mantentzea da: ikasleen artean STEAM ikasgaiak sustatzea (Science, Technology, Engineering, Art, Mathematics), eskualdea ezagutaraztea, nortasun-sentimendua lantzea, inguruko industria-sareari buruzko informazioa ematea eta enpresek lanbide-profilei dagokionez dituzten talentu-beharrak azaltzea.
Horretarako, Lea-Artibai eta Busturialdeako 25 ikastetxetako 2.000 ikasle baino gehiagok (Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa eta Lanbide Heziketa) jarduera ugari egiten dituzte ikasturtean zehar: kooperatibetara eta enpresetara bisitak; kooperatibetako bazkideen bisitak ikasgeletara; hitzaldiak; kooperatibetan egun bateko egonaldiak; udalerrien arteko trukeak; erronkak ebaztea; inguruko emakume zientzialariei bideo-elkarrizketak; Zientzia eta Teknologiaren Eguna; etab.
Inguruko kooperatibek egiten dituzten jarduerek argi eta garbi erakusten dute eskualdean duten eragina eta ekarpena. Berdintasun batzorde honekin urrats bat gehiago eman nahi du elkarteak, urtez urte bere inguruaren eraldaketa sozialean egiten duen ekarpena indartzen jarraituz.