Martxoa 2023
Lea-Artibaiko Emakume Ekintzaileen VII. Topaketa ospatu zen atzo, martxoak 9, Markina-Xemeingo Lea-Artibai Berrikuntza Gunean, Leartibai Fundazioaren eskutik.
Atzoko saioa Nerea Gartzia Gartziak zuzendu zuen eta Jendaurrean hitz egiteko tresnak izan zituen hizpide bere kafe hitzaldian. Lea-Artibai eskualdeko 13 emakume ekintzaile bertaratu ziren Gartziaren hitzak entzutera. Egunerokotasunean etenaldi bat eginez, eskualdeko beste emakume ekintzaile batzuekin elkartzeko, ezagutzak eskuratzeko eta harremanak sortzeko aukera izan zuten.
Gartziaren hitzetan, emakumeak mendeetan zehar espazio publikoetatik kanpo egon dira, eta gaur egun ere plazan dagoen emakumeak badaki epaitua izango dela. Ondorioz, hainbat oztopo eta beldur sentitzen dituzte zenbait egoeratan jendearen aurrean hitz egiteko, eta, horregatik, isilik geratzen dira. Beldur eta oztopo horien kontzientzia hartzea eta horiei aurre egiteak ahalduntzen lagunduko die.
Helburu horiek ardatz hartuta, parte-hartzaileek gai hauek landu zituzten Nerearen laguntzarekin:
- Jendaurrean hitz egiteko dituzten oztopoak aztertu eta mahai gainean jarri zituzten.
- Beraien gaitasunak identifikatu eta indartu zituzten.
- Modu eraginkorrean komunikatzeko erremintak landu zituzten.
Emakumeek beraien negozioetan bezeroen aurrean hitz egiterakoan bizi dituzten esperientziak partekatu zituzten, eta pozik eta eskertuta agertu ziren gai horiek talde txikietan eta konfiantzaz lantzeko aukera izateagatik.
Nerea Ondarroako aktore eta proiektuen kudeatzailea da. Euskara eta kulturaren bidez herriak biziberritzea helburu duen kooperatiba bateko sortzaileetako bat ere izan da. Bere lana eraldaketa soziala bultzatzera bideratuta dago.
Aurtengoa urteroko hitzordu bilakatu den ekimen honen zazpigarren edizioa izan da, eskualdeko emakume ekintzaileen arteko sinergiak sortu eta elkarren arteko harremanak bultzatzea helburu duena.