Martxoa 2023
Leartibai Fundazioa, eskualde-garapenerako erakundea, Interreg Europe programak hautatu du 2021-2027 aldian Europako bi proiektu garrantzitsutan parte hartzeko: SIreNERGY eta SYSTOUR.
SIreNERGY (Social Innovation in Renewable Energies) landa-eremuetan energia berriztagarrien estrategien eta proiektuen onarpen soziala sustatzera bideratutako proiektua da. Leartibai Fundazioa da bere liderra eta EEEren (Energiaren Euskal Erakundea) laguntza izango du. SYSTOUR (Systemic Approach for Sustainable Tourism Strategies in Rural Areas) proiektuan, landa-eremuetan turismo iraunkorra sustatzea helburu duena, fundazioak bazkide gisa parte hartzen du.
Lankidetza-proiektuak dira biak, eta eskualde-garapenerako erakundeak aukera izango du Italia, Hungaria, Frantzia, Polonia, Finlandia, Suedia, Errumania eta Bulgariako unibertsitateekin, eskualdeetako eta probintzietako gobernuekin, garapen- eta berrikuntza-agentziekin eta ingurumen- eta energia-agentziekin lankidetzan aritzeko.
Bai SIreNERGY bai SYSTOUR proiektuek 4 urteko iraupena dute; beraz, 2023ko martxoaren 1ean hasi eta 2027ko otsailean amaituko dira. Bi proiektuek 2.820.524 euroko aurrekontua dute guztira, eta EGEFk (Eskualde Garapeneko Europako Funtsa) finantzatzen ditu 2.218.429,2 eurotan.
Proiektu horietan parte hartzea bultzada handia da eskualdeko plan estrategikoaren proiektuak eta ekimenak bizkortzeko, eta, beraz, fundazioak Lea-Artibaiko garapen ekonomikoa bermatzeko egiten duen lana arintzeko. Gainera, Europa mailako erakundeekin lankidetzan aritzea oso aberasgarria izango da, ikasteko eta praktika onak eskualdera transferitzeko aukera emango baitio erakundeari.
Leartibai Fundazioak aurretik ere parte hartu du Interreg Europe programan. Programa horrek eskualde-politikak hobetzea du helburu, Europar Batasunaren lehentasunezko 5 gaien inguruko gaikuntza eta eskualdeen arteko lankidetzaren bidez: 1. Europa adimentsuago bat, 2. Europa berdeagoa, 3. Europa Konektatuagoa, 4. Europa sozialagoa eta 5. Europa herritarrengandik hurbilago.