Martxoa 2023
PERTSIANAK ZABALIK Leartibai Fundazioak 2022an abian jarritako programa da, Lea-Artibaiko tokiko merkataritza mantentzen laguntzeko.
Ekimen honen bidez, fundazioak eskualdeko establezimendu txikiak ixtea saihestu nahi du, erretiroagatik edo beste arrazoi batzuengatik. Horrela, merkatari bat bere negozioa ixteko bidean badago, programa honetara atxikitu daiteke, eta fundazioak prozesu bat jarriko du abian, irekita mantentzea erraztuko duena.
Leartibai Fundazioko teknikariek bitartekari lana egingo dute negozioarekin jarraitzeko prest dagoen ekintzaile bat bilatzeko, eta eskualdatze-prozesua errazteko behar diren baliabide guztiak eskainiko dizkiete uzten duen pertsonari zein ekintzaileari.
Beraz, programa hau bi motatako pertsonei zuzenduta dago: negozioa ixtea pentsatzen ari diren Lea-Artibaiko merkatariei eta eskualdeko establezimendu bati jarraipena emateko interesa duten ekintzaileei.
Leartibai Fundazioan, pertsiana jaistear dauden establezimenduei eta negozio bati ekiteko interesa duten pertsonei buruzko informazio eguneratua dute. Horrela, alde batetik, ekintzaileari egokitutako aholkularitza pertsonalizatua eskainiko diote, eta, bestetik, merkatariaren eskura jarriko dituzte ondorengotza errazteko beharrezkoak diren bitartekoak.
Pertsianak Zabalik programa pertsonalizatua, doakoa eta konfidentziala da. Negozioa uzten duen pertsonak eskubide osoa izango du bere establezimenduaren inguruan argitaratuko den informazioari buruz erabakitzeko, baita komunikazio-prozedurei dagokienez ere.
Programa honekin bat egin nahi duten pertsonek TOKIKO MERKATARITZAN, PERTSIANAK ZABALIK PROGRAMA estekan sar daitezke edo Leartibai Fundazioarekin harremanetan jarri daitezke 94 616 91 72 telefonoan.