Ekaina 2023
Trantsizio Digital eta Berdea Programa Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza-programa bat da, digitalizazioko edo ingurumen-berrikuntzako eta ekonomia zirkularreko planak egin eta proiektuak garatu nahi dituzten lurraldeko enpresei laguntzea helburu duena, lehiakortasuna hobetzeko eta aztarna ekologikoa murrizteko.
Laguntza horien onuradunak Bizkaiko ETEak dira, 5-250 langile bitarteko plantilla dutenak eta Industriaren eta horrekin lotutako zerbitzuen, Garraioaren, Eraikuntzaren, Turismoaren eta Handizkako Merkataritzaren Sektoreetan dihardutenak.
Trantsizio Digital eta Berdea Programak 4 dirulaguntza-ildo ditu, eta une honetan eskaerak aurkezteko epea zabalik dago lehenengo bietarako (2023ko uztailaren 28ko 13: 30ak arte):
- 1. ildoa. Digitalizaziorako (oinarrizkoa edo aurreratua) edo ingurumen-iraunkortasunerako planak garatzea.
- 2. ildoa. Oinarrizko digitalizazio-proiektuak.
Leartibai Fundazioak dirulaguntza bietako edozein eskatu nahi duten Lea-Artibaiko enpresei lagunduko die. Lehenengoa eskatzen dutenei oinarrizko digitalizazioko, digitalizazio aurreratuko edo ingurumen-berrikuntzako eta ekonomia zirkularreko planak zehazten adituak diren hornitzaileak identifikatzen eta hautatzen lagunduko die. Bigarren ildoan interesa duten enpresei hornitzaile adituak identifikatzen eta hautatzen lagunduko die, baita oinarrizko digitalizazio-proiektuak definitzen ere. Bi kasuetan, gainera, dirulaguntzaren kudeaketa integralaz arduratuko dira, eskaera prestatzetik eta bidaltzetik hasi eta justifikatzeraino, eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin bitartekaritza-lanak egingo dituzte, sor daitezkeen zalantzak argitzeko.
Fundaziotik eskualdeko enpresak animatu nahi dituzte programa honetan parte hartzera; izan ere, enpresaren digitalizazioaren eta ingurumen-jasangarritasunaren esparruan berrikuntzaren aldeko apustua da, baita enpresaren lehiakortasuna bultzatzeko aukera ezin hobea ere.
Beraz, programa honetan parte hartu nahi duten edo informazio gehiago behar duten enpresak Fundazioko teknikariekin jar daitezke harremanetan 94 616 91 72 telefonoan edo posta elektronikoz (Leire Seara lseara@leartibaifundazioa.eus / Maria Txakartegi mtxakartegi@leartibaifundazioa.eus).