Urria 2023
Leartibai Fundazioak Leartibai Sariak ekimenaren bigarren edizioa antolatu du, Bizkaiko Foru Aldundia, Lea-Artibaiko Kooperatiben Mahaia Elkartea, Lea-Artibai Landa Garapen Alkartea eta Lea-Artibai eskualdeko 12 udalen laguntzarekin. Eskualdeko ekintzaileei errekonozimendua emateko asmoarekin sortutako lehiaketa honetara proiektuak aurkezteko azken eguna azaroaren 3a izango da.
Aurtengo edizioan ere 5 kategoria sarituko dira, eta Lea-Artibai eskualdean, 2022-2023 epealdian (2023-10-31 baino lehen), negozio berri bat martxan jarri duen edozein ekintzailek parte hartu ahal izango du. Emakume ekintzaileari zuzendutako sarian ezinbesteko baldintza izango da eskualdeko herriren baten erroldatua egotea, baita gazteei zuzendutako sarian ere. Azken horretan, gainera, ekintzaileak 18-35 urte bitarteko adina izan beharko du.
Leartibai Sarien helburu nagusiak dira Lea-Artibaiko ekintzaileak omentzea, eskualdean lanpostu berriak sortzea eta gizartean oro har ekintzailetza sustatzea. Hori dela eta, 5 kategoria hauek sarituko dira bigarren edizio honetan (soilik emakume ekintzailearen saria da bateragarria gainontzeko sariekin):
- Negozio-ideia berritzaile onenari saria: 2.000 € + garaikurra.
- Merkataritza, ostalaritza, turismo eta zerbitzu enpresa onenari saria: 2.000 € + garaikurra.
- Kooperatiba ereduari saria: 2.000 + garaikurra.
- Gazteek sortutako negozio-ideia onenari saria: 2.000 €-ko 5 sari + garaikurra.
- Emakume ekintzaileari saria: 500 € + garaikurra.
Horrez gain, saria eskuratzen duten ekintzaileek abantaila hauek izango dituzte: Lea-Artibai Berrikuntza Gunean dagoen Enpresa Haztegiko espazioetan kokatzeko lehentasuna; Leartibai Fundazioak kudeatzen dituen programa ezberdinetan parte hartzeko erraztasuna; eta negozio-ideiaren garapenean eta azelerazioan aholkularitza fundazioko ekintzailetza-teknikarien eskutik.
Sari banaketa azaroaren 23an izango da, Ziortza-Bolibarreko Udaletxeko aretoan, iluntzeko 19:00etan.
Lehiaketan parte hartu nahi duten guztiek inskripzio-orria eta lehiaketaren oinarriak eskuragai dituzte Leartibai Fundazioaren webgunean www.leartibaifundazioa.eus
Herritarrak ere epaimahaikide
Herritarrak epaimahaikide izango dira berriz ere. Leartibai Fundazioak Instagramen jarriko ditu lehiaketara aurkezten diren negozio-ideia guztiak eta norbanakoek, euren ustez, eskualdearen beharretara hobekien egokitzen den ideiari “atsegin dut” eman ahalko diote, azaroaren 8tik 16ra bitartean. Partaide guztien artean bertoko produktuekin osatutako “Hamen Bertokoa” otzara bat zozketatuko da. Aurten gainera, Instagramen boto gehien jasotzen dituen negozioak ere “Hamen Bertokoa” otzara bat jasoko du, Lea-Artibai Landa Garapen Alkartearen eskutik.
Ekintzailetza kultura hedatzen
Leartibai Fundazioa Lea-Artibai eskualdearen garapenarekin konprometitua dagoen erakundea da bere misioetako bat negozio berriak sustatzea izanik. Leartibai Sariak ekimenarekin ekintzailetza kultura hedatu, kooperatiba eredua sustatu eta balio erantsi altuko enpresa berritzaileak bultzatzen jarraitzeko asmoa du.