Urria 2023
Urriko azken bi asteburuetan, zehazki 21, 22, 28 eta 29an, Lea Artibai Fest jaialdiaren VI. edizioa ospatu zen.
Lau egunetan zehar, bisitariek aukera izan zuten Ogella eta bere flyschera bisita geologikoa egiteko, txakolinaren ibilbidea ezagutzeko eta Lekeitioko Basilika bisitatzeko, Markina Xemeingo argazki rallyan parte hartzeko, Ondarroako neskatilen bizitza ezagutzeko eta Arropaineko Arraguaren eskutik familia tailer batean parte hartzeko.
Ia bisita guztiek tokiko eta sasoiko produktuen dastaketa eskaini zuten, Hamen Bertokoa elikadura subiranotasunaren proiektuaren barruan.
Eskaintza askotarikoa izan da, eta, horri esker, gure baliabide turistikoak balioetsi eta erakutsi ahal izan dira, bai eta eskualdearen ikuspegi desberdina eskaini ere, behe-denboraldian bisitariak erakartzeko.
Guztira, 121 pertsonak parte hartu zuten jardueretan. Zehazki, % 85 Bizkaiko hainbat udalerritatik etorri ziren, % 10 Arabatik eta % 5 Gipuzkoatik.
Antolatzaileen arabera, parte-hartzaileek oso positibotzat jo zuten ekimena. Eskaintzaren aniztasuna eta normalean egiten ez diren jardueren proposamena nabarmendu zituzten. Bisitarietako batzuek ez zuten Lea-Artibai eskualdea ezagutzen, eta informazio gehigarria ere eskatu zuten.
Leartibai Fundazioak eskualdeko enpresen parte-hartzea azpimarratu nahi du eta proposamen ezberdin bat eskaintzeko orduan beraien prestasuna eskertu.
Lea Artibai Fest Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak diruz laguntzen dute.