Azaroa 2023
Atzo, azaroak 8, Leartibai Fundazioak, Bilboko Merkataritza Ganberarekin elkarlanean, “Planifikatutako Erretirorako Gakoak eta Aukerak” jardunaldia ospatu zuen Pertsianak Zabalik programaren baitan.
Jardunaldia hurrengo bost urteetan erretiroa hartzeko asmoa duten Lea-Artibaiko merkatariei zuzenduta egon zen eta hiru atal nagusi izan zituen. Álvaro Merino abokatu eta aholkulari fiskalak eman zion hasiera saioari bere hitzaldiarekin eta bertaratuei erretiro-prozesua hasterakoan kontuan hartu beharreko funtsezko alderdiak azaldu zizkien, baita erretiroa planifikatzeak duen garrantzia ere. Horren harira, bi puntu garrantzitsu nabarmendu zituen: alde batetik, negozioaren transmisioa egiteko bi era daudela, salerosketa eta doakoa (jaraunspen edo dohaintza bidez) eta garrantzitsua dela ondo pentsatzea transmisio hori jarduera utzi aurretik edo ondoren egitea, negozioari desberdin eragingo diolako. Bestetik, jubilazioaren planifikazioaren inguruan azpimarratu zuen komenigarria dela aldez aurretik negozioaren kasuistika aztertzea eta negozioa erakargarri mantentzea, negozio hori hartuko duen pertsonaren bilaketa errazte aldera.
Ondoren, Daniel Floresek (Bilboko Merkataritza Ganberako Merkataritzako Teknikaria) hartu zuen hitza, nork Ganberaren Berriz Enpresa programaren berri eman zien. Berriz Enpresa negozioen eskualdaketarako zerbitzu bat da bere helburua enpresen jarraipena erraztea izanik.
Bukaerako hitzaldia Bidatz Basterretxea Leartibai Fundazioko Merkataritzako Teknikariaren eskutik izan zen, eta Pertsianak Zabalik programaren inguruko azalpenak eta xehetasunak eman zituen.
Pertsianak Zabalik Lea-Artibai eskualdeko establezimendu txikiei zuzendutako ondorengotza programa da, erretiroagatik edo beste arrazoi batengatik ixtear dauden negozioen jarraipena ahalbidetzea helburu duena. Programa horren bidez, Leartibai Fundazioak laguntza ematen du, negozioaren ondorengotza-prozesuan eman beharreko urratsak erraztuz, jarraipena bermatzeko. Horrela, erretiroa hartzeko asmoa duten merkatariak eta negozio bat hartzeko interesa duten pertsonak identifikatzen saiatzen da. Halaber, bitartekari lanak ere egiten ditu ekintzaileak harremanetan jarriz Bilboko Merkataritza Ganberaren Berriz Enpresa programarekin edota Demaren NegoziON programarekin. Gainera, bi aldeei, erretiroa hartuko duten merkatariei eta negozio bati ekiteko prest dauden pertsonei zuzendutako jardunaldiak eta prestakuntza-programak eskaintzen ditu. Programa pertsonalizatua, konfidentziala eta doakoa da.
Zortzi merkatari hurbildu ziren atzoko jardunaldira eta pozik eta eskertuta agertu ziren eskuratutako ezagutzekin. Pertsianak Zabalik Lea-Artibai eskualdean negozio duen edonori zuzendutako zerbitzua da; beraz, norbaitek erretiroa hartzeko edo negozioa eskualdatzeko asmoa badu, Leartibai Fundazioarekin harremanetan jar daiteke.