Apirila 2024
Leartibai Fundazioak, eskualdeko merkatarien lehiakortasuna hobetzen laguntzeko asmoarekin, bi prestakuntza espezializatu antolatu ditu maiatzean.
“Kontrolatu zure negozioa eta aholkularitzarekiko harremana” prestakuntza maiatzaren 7an emango da Lea-Artibai Berrikuntza Gunean, arratsaldeko 14:30etatik 16:00etara. Bertaratuek negozioaren kudeaketa ekonomikoaren inguruko oinarrizko ezagutzak jasoko dituzte aholkularitzarekin betebehar fiskalen kudeaketatik haratago doan harreman bat izan dezaten. Horrela, PFEZ, BEZ, Sozietateen Gaineko Zerga, BATUZ eta TICKETBAI kontzeptuak ikasiko dituzte, fakturak egiterakoan kontuan hartu beharreko alderdiak landuko dituzte eta aholkularitzarekin harremantzeko funtsezko gakoak ere eskuratuko dituzte.
Bestalde, maiatzaren 21ean bi gai jorratuko dira negoziorako publiko objektiboa nola erakarri irakasteko asmoarekin: “Jarraitzaileak nola bihurtu erosle” eta “Sare sozialetan berezko estiloarekin komunikatzeko jardunbide egokiak”. Saio hori ere Lea-Artibai Berrikuntza Gunean emango da 14:00etatik aurrera.
Prestakuntza bien inguruan informazio gehiago jasotzeko edota izena emateko, Leartibai Fundazioarekin jarri daiteke harremanetan 94 616 91 72 zenbakira deituz edo bbasterretxea@leartibaifundazioa.eus helbidera idatziz.
Leartibai Fundazioaren bitartekaritzarekin eskaintzen diren beste programa eta zerbitzu batzuk:
EUS-COMMERCE
Bilboko Merkataritza Ganberaren eskutik programa hau txikizkako saltokiei zuzenduta dago. Bere helburua da negozioaren online presentzia garatzeko irtenbide berriak ezartzen laguntzea, edozein dela ere digitalizazio-maila. Programa honek, besteak beste, tresna digitalen inguruko prestakuntza eskaintzen du (Google My Bussines, sare sozialak, online salmenta, Bizum, Canva diseinua, WhatsApp Business, online inkestak, online hitzorduak erreserbatzea, adimen artifiziala…) eta etengabeko laguntza eta aholkularitza ematen du negozioaren estrategia digitala garatzeko orduan. Dagoeneko eskualdeko 6 establezimendu daude programa honetan parte hartzen, eta izena emateko epea zabalik dago.
AHOLKULARITZA PERTSONALIZATUA
Retail Euskal Eskolak aholkularitza-zerbitzu pertsonalizatua eta indibidualizatua eskaintzen du funtsezko arlo hauetan: Eraldaketa digitala, Estrategia, Saltokia, Bezeroak, Pertsonak eta Kudeaketa. Eskolako aditu batek negozioa bisitatuko du haren egoera aztertzeko eta zein behar dituen definitzeko, eta, horrela, helburuak lortzeko jarraitu beharreko prozesuak eta estrategiak definitzen lagunduko dio merkatariari. Une honetan eskualdeko 8 negozio daude zerbitzu hau jasotzen, baina oraindik izena emateko epea zabalik dago.
SALTOKITIK ENPRESARA
Euskalit erakundearen bidez eskaintzen den programa honek saltokiaren kudeaketan eta lehiakortasunean hobekuntzak egiteko laguntza ematen du. Parte hartzaileek saltokiaren egoera zein den ezagutuko dute bezeroari, produktuari, merkatuari, lehiari, joerei eta abarri dagokienez. Horrez gain, kudeaketa-tresnak ezartzeko aukera izango dute eta ezagutza eta gaitasun handiagoa lortuko dute negozioaren kudeaketari eta erabakiak hartzeari aurre egiteko. Aurten 11 dira programa hau lantzen ari diren Lea-Artibaiko merkatariak eta oso erabilgarria iruditzen zaie ikasten ari diren guztia. 2024rako izena emateko epea igaro bada ere, informazio guztia esteka honetan kontsulta daiteke Saltokitik Enpresara programa.
Programa eta zerbitzu horiek guztiak doakoak dira. Edozein zalantza argitzeko edota izena emateko, Leartibai Fundazioarekin jarri daiteke harremanetan 94 616 91 72 telefono zenbakian edo bbasterretxea@leartibaifundazioa.eus helbidean.