Maiatza 2024
Leartibai Fundazioak, Cluster GAIA elkartearekin elkarlanean, “Adimen artifizialaren bidez baliorik ematen ez duten prozesu errepikakorren automatizazioa” jardunaldia eskaini zuen atzo, maiatzak 14, eskualdeko enpresa txiki eta ertainei zuzenduta.
Saioa Suspertze Digitala 2024 programaren barruan egin zen, online, eta adimen artifiziala (AA) industrian izaten ari den eraginean ardaztu zen. Hain zuzen ere, teknologia berri hori industria-sektorea nola ari den eraldatzen aztertu zuten, zeregin errepikakorrak automatizatzea ahalbidetuz eta eragiketei balioa emanez.
Gainera, adimen artifiziala prozesu desberdinetan aplikatzeko esperientzia zehatzak ere partekatu zituzten, hala nola:
- Eskaera-fluxu automatizatua: e-mailetik ERPra, AAri esker.
- Erosketen kudeaketa adimenduna, eskaria aurreikusteko ereduekin. Kostuen zenbatespena eta fakturen prozesamendu eta kargaren automatizazioa AArekin.
- Planoetatik aurrekontuetara: planoak automatikoki irakurtzea eta kostuen zenbateste zehatza. Faktura eta emate-agirien bateratze automatizatua, stocka hobeto kudeatzeko.
- Bezeroen segmentazioa eta errentagarritasunaren estimazioa bezero bakoitzeko, AAko ereduekin.
Gaian adituak diren We Are Clickers aholkularitzakoek gidatu zuten jardunaldia, eta, bukaeran, parte hartu zuten enpresei beraiekin banakako bilera bat egiteko aukera eman zieten, adimen artifiziala beraien negozioetan ezartzeko aukera zehatzetan sakontzeko.
Suspertze Digitala
Programa hau 2022an abiarazi zuen Leartibai Fundazioak, Bizkaiko beste eskualde batzuetako garapen ekonomikoko eragileekin, Bizkaiko enpresa txiki eta ertainei eraldaketa digitalean babesa emateko helburuarekin, prozesu eraginkorragoak sortzen laguntzeko, hobeto kudeatuta eta balio erantsi handiagoko produktuak eta zerbitzuak garatuta.
Ordutik, hainbat ekintza eta zerbitzu eskaini dituzte egitasmo honen esparruan, aste honetako jardunaldia barne, baina beste hainbat jarduera ere aurreikusi dituzte 2024ko ediziorako:
- Webinarrak teknologia digital jakin baten inguruan, hornitzaile teknologikoen eskutik, ondoren enpresak hornitzaile horiekin biltzeko aukerarekin.
- Enpresetara bisitak digitalizazio aurreratuetako jardunbide egokiak bertatik bertara ezagutzeko: Burdinola enpresara bisita maiatzaren 30ean.
- Digitalizazio aurreratuko jardunbide egokiak enpresei transferitzeko erakustaldi-tailerra urte amaieran.
- Enpresei digitalizazio-planak, digitalizazio mikro-proiektuak edo proiektu pilotuak garatzen laguntzeko zerbitzua urtean zehar.
Suspertze Digitala Bizkaiko Foru Aldundiaren Bizkaia Orekan Sakonduz estrategiaren barruan dago, eta Eskualdeko Lehiakortasuna Bultzatzeko Programaren bidez diruz lagunduta dago.