Maiatza 2024
Leartibai Fundazioak Euskal Autonomia Erkidegoko Merkataritza Bulego Teknikoen (MBT) bileran parte hartu zuen pasa den maiatzaren 16an, sektoreko beste eragile batzuekin batera.
Topaketa hori Eusko Jaurlaritzak bultzatutako Euskalit taldeak kudeatzen duen Merkataritzako Eragile programaren barruan ospatu zen, eta MBT-en zerbitzuetan/jardueretan eta prozesuetan berritzea eta merkataritza sektorean berrikuntza bultzatzea izan zuen ardatz.
Bertaratutakoek, talde-dinamika baten bidez, gaiaren inguruko jardunbide egokiak partekatu zituzten. Alde batetik, merkataritzaren sektorean aurrera eramaten dituzten jardunbide egokiak, eta, bestetik, instituzio ezberdinetan merkataritzarekin lotuta identifikatu dituztenak. Jarduera horren helburua izan zen eragile bakoitzak, ondoren, ikasitakoa bere organizazioan praktikan jarri ahal izatea eta egoki deritzon beste erakunde batzuekin (merkatari-elkarteak, udalak, merkatariak…) partekatu ahal izatea.
Leartibai Fundazioak urteak daramatza Merkataritzako Eragile programan parte hartzen eta bere baitan egiten diren bileretara eta topaketetara joaten. Aurtengo martxoan “Saltokiak nola motibatu jardueretan parte hartzeko” izenburupean egindako bileran ere izan ziren Fundazioko teknikariak.
Topaketa horiek oso onuragarriak dira Leartibai Fundazioarentzat, izan ere, kudeaketa-tresnei buruzko ezagutzak eskuratzeko aukera ematen baitie, erakundearen funtzionamendua hobetzeko beharrezkoak direnak. Gainera, hainbat gairen inguruan jardunbide egokiak identifikatzeko eta arazo eta behar amankomunak partekatzeko foroak ere badira.