I 2020ko apirila I
Covid-19ak eragindako krisi sozioekonomikoa errealitate bat da Lea-Artibaiko industria-sarea osatzen duten enpresen artean.
Aho betez, eta pena handiz, esan genezake bai eskaintza, bai eskaera guztiz gelditu egin direla. Gizartea eta enpresa-sarea une honetan aurkitzen diren erresistentzia fasean, Lea-Artibaiko enpresa-jarduera bultzatzen duten hornidura kate guztiak etenda daude.
Azaro Fundazioak, Lea-Artibaiko lurralde garapeneko eragile klabea izaki, diagnosi bat burutu du Lea-Artibaiko enpresa-jardueran pandemiaren eragina nolakoa izaten ari den jakiteko. Horretarako, Azaro 3.500 lanpostu inguru suposatzen duten 100 enpresa baino gehiagorekin elkarrizketatu da telefonoz. Elkarrizketatutako enpresak sektore ezberdinetakoak dira, automobilgintza, elikadura, metala, ekipamendu-ondasunen fabrikazioa eta arrantza, eta horien artean Lea-Artibaiko industriaren balio kate ezberdinak osatzen dituzten enpresa handiak, ETEak, mikroETEak eta startupak (azken urteetan sortu diren enpresak) aurkitzen dira. Ekintzailetza ere guztiz gelditu da.
COVID-19aren eraginak hainbat motatako beharrak sortu ditu. Lehenbiziko erresistentzia fase honetan, epe motzerako premiak alderdi ezberdinen inguruan, besteak beste: finantza-fidagarritasuna, hornidura zailtasunak, inbertsio-planen geldiera, eta abar. Eta suspertze premiak, epe ertainera /luzera begirakoak, besteak beste: eskaintza eskaera berrira egokitzea, eragin gutxiago izan duten sektoreetara dibertsifikatzea, balio kate berrien sorrera…
Eta testuinguru guzti honetan, enpresen eraldaketa digitala gero eta garrantzi gehiago hartzen ari da, une honetan bizi dugun erresistentzia fasean eta etorkizuneko berrikuntzetan beraien zerbitzuak eskaintzen jarraitzeko.
Elkarrizketatutako enpresen % 23a likidezia arazoak jasaten ari da, eta horietatik erdi inguruk ICO lerroren bat edo Elkargi bezalako erakundeen abalen bat eskatu dute, gastu finkoei aurre egin eta merkatuan lehiatzen jarraitu ahal izateko behar duten finantza-fidagarritasuna bermatuko diena. Hala ere, enpresa ugarirentzat urteko kontuetan fakturazio mailaren murrizketaren eragina egia bihurtu da. Elkarrizketatutako enpresen % 30ak urtea galerekin bukatuko du, eta honek, berriz, hornidura kate guztian eragin negatiboa izango du, baita pertsonen kontratazio mailetan edota beste produktu eta zerbitzuen batzuen eskaeran. Enpresen gehiengoak, industrialak izan edo ez, izandako eskari, proiektu edota eskaera murrizketaren ondorioz, kostuak jaitsi beharko dituzte beraien cash-flow-a optimizatzea lortzeko.
Horren harira, enpresak bezeroek (bai bertakoak, bai Europa eta nazioartekoak) ez ordaintzearen beldur ere badira egoera hau dela eta.
Horrek guztiak Eskualdeko enplegu-mailetan eragin zuzena izan du. Horren adierazle dira enpresek tramitatutako 28 ERTE eskaerak.
Sortu berri diren enpresen artean produktuak/zerbitzuak eskaini ahal izateko beraien enpresa-jarduera teknologia berri eta IKTen erabilerara bideratuta dutenak nabarmentzen dira, horietan Covid-19ak kontrako eragina (positiboa, alegia) izan baitu. Hau da, pandemiaren eraginari esker, enpresa horien proiektu kopuruak gora egin du, eta, ondorioz, beraien jarduera mailak. Baina hori salbuespen bat da, elkarrizketatutako enpresa berri gehienen proiektuak murriztu eta eten egin baitira, tamaina handiagoko enpresen edota merkatuan finkatuago dauden enpresen egoera berdinean aurkitzen direlarik.
Azaro Fundazioaren eginkizuna informazioa errazteaz gain, administrazio publikoaren eta Lea-Artibaiko sare industrialaren eta industriari lotutako enpresa sortu berrien lokarri izatea da. Horren adibide dira Azaroko teknikariek Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzaren Gizarte Ekonomia Sailarekin izandako bilerak. Elkarrizketa horiek Administrazioari industriaren inguruko input-ak ematean oinarrituta egon dira, tokiko sarearen egoera hobetzea eta enpresa- eta ekonomia- jarduera suspertzea erraztuko duten laguntza eta finantzaketa ildo berriak zehazteko helburuarekin.
Bestalde, Azaroren ardatz nagusienetako bat negozio aukerak bilatzea izaki, gure jardueraren zati bat beste lurralde batzuetan pandemiaren eragin negatiboa arintzeko gauzatzen ari diren praktika onak identifikatzera bideratu dugu, praktika on horiek gure lurraldean ezartzeko helburuarekin. Era berean, eta balioa gehitzeko asmoarekin, estatu-, autonomia- eta lurralde-mailan enpresa-sarearen eskura jartzen ari diren ekonomia neurrien inguruko informazioa antolatu eta bildu da. Laguntza eta ekonomia neurrien ildo guztiak ikusgai daude gure web-orrialdeko eta newsletter honetako dirulaguntzen atalean.
Orain arte egin dugun bezala hurrengo asteetan ere Azaro Fundazioko teknikariok telefono bidezko harreman zuzena izaten jarraituko dugu enpresa-sarearekin. Baita, sortu berri diren enpresekin eta negozio ideia Azarorekin lantzen ari diren ekintzaileekin ere. Era berean, eskualdeko barne- eta kanpo-lankidetza lantzen jarraituko dugu, Lea-Artibaiko enpresa-sarearen eta startupen indartzea ahalbidetuko duten ekintza, programa eta proiektuak definitu eta martxan jartzeko, Covid-19k sortu duen eragin negatiboari aurre egiteko helburuarekin.
Azaro Fundazioa industria-sareari laguntzeko dago; beraz, gurekin harremanetan jartzeko gonbidapena egiten dizuegu posta elektroniko bidez azaro@azarofundazioa.com helbidera idatziz edo 946169172 zenbakira deituta.
Lehenbailehen suspertzea espero dugu.
Azaro Fundazioko lantaldea.